Prentsa-aretoa

Berriak

PSE-EEk proposatu du Etxebizitzen Legean jaso beharko direla hutsik dauden etxebizitzen erregistroa eta gazteentzako prestazio osagarria

Bixen Itxaso legebiltzarkidea Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran
Bixen Itxaso legebiltzarkidea Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran

Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak ondokoa proposatu du: Etxebizitzaren Legeak jaso behar duela hutsik dauden etxebizitzen erregistroa, baita Etxebizitza Sailak 30 urte arteko gazteei Prestazio Osagarria bermatzeko beharra ere (diru-sarrerak bermatzeko errentatik aparte).

Gai horren inguruko legebiltzar-bozeramaileak, Bixen Itxasok, bi zuzenketa erregistratu ditu, sozialistek eurek sustatutako lege proposamenari egindakoak. Helburua, hasierako idazketaren zenbait alderdi hobetzea, eta Ganberan eztabaidatutako zenbait gai sartzea litzateke. “Urte eta erdi baino gehiago luzatu dira eztabaidak, epeak behin eta berriz zabaldu dituztelako, eta horrek atzeratu egin du legean lan egiten hasteko unea", esan du bozeramaileak.

Horrela bada, hutsik dauden etxebizitzei buruz beste artikulu bat sartzea proposatu du, Erregistro bat sortzeko "horixe baita oinarrizko tresna etxebizitzen kontrola eta jarraipena gauzatzeko”; izan ere, artikuluetan legez aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenez, hutsik daudela jo da.  Zuzenketa horren arabera, Erregistroan sartuko dira hutsik dauden etxebizitzak jotzeko ebazpenak, baita etxebizitza horietan inork bizi ez duela egiaztatzen dituzten baldintzei edo jarduerei buruzko ebazpenak ere.

Erregistroa sortzeaz gain, zehaztu egin du erregistro hori autonomikoa izango dela, eta gai horretan eskumena duen Sailak izango duela horren ardura. Gainera, datuen fitxategi publiko bat egon behar du eta, horretarako, estatistika planetan eta horien urteko programetan sartzen diren estatistika ofizialak egiteko beharrezkoak diren komunikazio-kanalak ezarriko dira.  Araudi baten bidez gauzatuko da Erregistroa.

Bestalde, Itxasok hasierako idazketa zuzendu du, Gizarte Gaietarako Sailari egotzi beharrean, Etxebizitza Sailari egotzi behar baitzaio Prestazio Osagarriaren kudeaketa.  Prestazio hori ez da halabeharrez Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren osagarria izan beharko, eta Etxebizitza Sailak "indarreko lege-ordenamenduak esleitzen dizkion eskumenak erabilita, eta uneoro beharrezkoak diren arau-aldaketak eginez, prestazio hori jasotzeko eskubidea zabalduko du, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduz. Helburua, emantzipazioa eta lehen etxebizitza eskuratzeko aukera sustatzea da”.

Legebiltzarkide sozialistak idazketa hori aldeztu du abenduan Batzordean hartutako erabakiaren arabera (sozialisten ekimenez hartutakoa), etxebizitzaren legearen eztabaidaren bidez prestazioa bermatzeko.

Funtzio soziala

Zuzenketa horien bidez, Itxasok bat egin du legebiltzar talde guztiek “behingoz” egindako proposamenekin. Horiei esker, “azken 34 urteetan egiteke dugun eztabaida egin ahal izango dugu”.

“Atzera ezin dugun eta herritar guztiek eskatu duten eztabaida da.  Gure autonomian beti izan da horrela, baina EAJk ez digu utzi gai horretan ditugun eskumenak gauzatzen.  Dena dela, bereziki egokia da gure etxebizitza-politiken irismena definitzea, krisialdiko urte hauen ostean ikusi baitugu orain arte egindako jarduerek ez dutela bermatu bizitzeko etxea edukitzeko eskubidea”, gogoratu du.

Hori dela-eta, Itxasok dio sozialistek proposamen bat dutela helburu; aurreko legegintzaldian gai horretan ari diren eragileekin landutako proposamena da, baina "aurkez daitezkeen hobekuntza guztiak onartzeko prest gaude” “Hala eta guztiz ere, behar-beharrezkoa izango da etxebizitzaren funtzio sozialaren printzipioa zaintzea, horrek garatzen baitu konstituzioaren ondoko aurreikuspena: herriaren aberastasun osoa guztion interesaren menpe dagoela.  Eta printzipio hori berme juridiko guztiekin garatu nahi dugu, baita hutsik dauden etxebizitzen jabeentzat ere”, azaldu du.

Ordezkari sozialistaren ustez, “eztabaidari errotik ekin nahi izan ez diotenek, gain hartu beharko dute ezinbestekoa dela, eta horregatik soilik bada ere, ahalik eta borondaterik onenarekin landu beharko dute aurrerapenaren eta etorkizunaren lege hau”.  “Ez dugu presarik, hiru hamarkada egon gara zain, eta zalantza tekniko asko argitu beharko direla dakigu.  Ahalik eta adostasun handiena lortzen badugu, egonkortasuna handiagoa izango da, eta hobeto zainduko dugu herritarrek etxebizitza edukitzeko duten eskubidea”, esan du amaitzeko.

Beste berri batzuk...

Iruzkinak