Prentsa-aretoa

Berriak

PSE-EEk Wert Legearen aurrean irmotasuna exijitu du Euskadiko hezkuntza-sistema aldeztearren

CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola
CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola

Eusko Legebiltzarrean gaur LOMCEri buruz egin den eztabaida monografikoan, Talde Sozialistako Hezkuntzako bozeramaileak, Isabel Celaak, Wert Legearen aurrean euskal hezkuntza sistema irmotasunez aldeztea exijitu du.   “Legearen esparruan, irmo erantzun behar dugu —esan du Isabel Celaak— . Gure sistema, gure eskumenak aldeztu behar ditugu:  beraren berezko ezaugarriekin jarraitzeko; ez dugu legearen arabera derrigorrezkoa ez den alderdirik garatuko, eta urratutako eskumenetako bakoitzagatik epaitegietan errekurtsoa jarriko dugu”.

Isabel Celaak gaur goizean Legebiltzarrean adierazi du Talde Sozialista ez dagoela Wert Legearekin ados, ezen “hezkuntzaren kontra-erreforma bat baita, eta orain dela berrogei urteko Espainiara eramango gaitu; horrez gain, nazioarteko ebaluazio guztiek onartutako hezkuntza-politikak alde batera utziko dituela", eta "PPk ahulenak baztertuko dituen eredu elitista sustatu nahi duelako ezarri dela, hau da, baliabideak ez dituztenak edo ikasteko zailtasunak dituztenak baztertuko dituela".

“Lege hau —aipatu du Isabel Celaak—, ez dute adostasuna lortzeko egin, ezartzeko baizik. Eta tramitazioak aurrera egiten duen heinean, gehiago babestu da hierarkia elitistaren interesetan, enpresa-sektoreen interesetan, hezkuntza negozio bihurtu nahi dutelako, eta PPko  sektore eskuindarrenetan”.

“Murrizketak eta LOMCE —gaineratu du Isabel Celaak— plan bereko bi alderdi dira, oraingo eta geroko hezkuntzarako murrizketak blindatzen baititu, krisi-egoeratik haratago, eta Hezkuntza “low cost” produktu bihurtzen du; horren arabera, ikasle ahulenek aukera gutxiago izango dituzte eta, beraz, desberdintasunak areagotuko dira.  Hona hemen gure kezkarik handiena: baliabiderik ez dutelako edo ikasteko zailtasunak dituztelako ahulago diren pertsonei ateak ixtea”.

Legebiltzarkide sozialistak, gainera, esan du “ez dela egia aukeraketa zabalagoa bada hezkuntza hobetuko dela edo merkatua handituz gero emaitzak hobetuko direla”.  “Ez dugu nahi —gaineratu du— gizarte-ezberdintasunak ugalduko dituen hezkuntza.  PISAk onartu egin du gure hezkuntza sisteman berdintasunak balio handia duela, eta horixe dugu gure puntu ahulenetako bat”.

“Hezkuntza ekonomiaren flotagailu onena da —adierazi du Isabel Celaak—, eta hori ia denok dakigu, mugarik gabeko murrizketak sustatzen dituzten gobernuek izan ezik; horiek Hezkuntzaren gastu publikoak ia bi puntu gutxitu dute (BPGri dagokionez), Rajoyren gobernuak Europara bidali dituen aurreikuspenen arabera”.

Beste berri batzuk...

Berri honetara lotuta dauden artxiboak

Iruzkinak