PSE-EEren ustez, Jaurlaritzak Memoriaren Mapa desnaturalizatzen du “Udalen Erretratuen” bidez
Euskal Sozialistek azpimarratu dute biktimak berdindu nahi ez dituztela esaten badute ere, praktikan hori egiten dutela
Alderdi Sozialistaren ustez, Eusko Jaurlaritzak, Bake eta Bizikidetzaren Idazkaritzaren bitartez, terrorismoko biktimen Memoriaren Mapa desnaturalizatu eta difuminatu nahi du argitaratzen ari dituen Udal Erretratuen bidez; izan ere, arrazoi politikoengatiko edozein biolentzia motako biktima guztiak ulertzen ditu. Joera hori berretsi egin da atzo aurkeztutako txostenaren bidez; txostena 1960tik 2010era hildakoak izan zituzten 128 euskal udalerriri buruzkoa da, eta hiru hiriburuei buruzkoen jarraipena da.
Hori dela eta, PSE-EEk gogoratu du Memoriaren Mapak, Terrorismoko Biktimen Legearen aplikazioaren bidez 2009an sustatutakoak, helburu argia zuela: Terrorismoak —batez ere ETAk eta beste terrorismo batzuek— non hil zuen norbait euskal geografian kokatzea eta gogoratzea, gure herrian gertatu denari buruzko memoria argia eraikitzeko. Helburu hori, bere ustez, itxuragabe bihurtzen da Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuen bidez; Bake eta Bizikidetzaren Idazkaritzak argitaratu ditu aipatutako erretratuak mapa egitearren. Estatuaren Segurtasun Indarren gehiegikerien ondoriozko biktimak eta argitu gabeko beste batzuek egindako hilketak ere jaso ditu.
Sozialiston ustez, indarkeriaren biktima guztiak onartu behar ditugu eta guztiei egin behar zaie arreta. Baina halako izena duen memoria politiko baterako, oso txarra da den-dena nahastea. Lehendakariak esan du ez dituztela biktima guztiak parekatu nahi, baina praktikan hori egiten dute, Euskadin bereziki jasandako indarkeria desitxuratzen baitute —ETAren terrorismoa eta krimenen bidez horri aurre egiten saiatu ziren terrorismoak— gatazka politikoaren tesia berretsiko lukeen indarkeria handi batean.
Memoriaren Maparen jatorrizko helburua zen euskal udaletan plaka edo monolito baten bitartez gogoraztea non hil zuen terrorismoak norbait, baina hori guztia desnaturalizatzen ari da, Euskal Sozialisten ustez, Jonen Fernandezen Bake eta Bizikidetzaren Planaren ondoriozko ikuspuntu berria dela eta. Denok, biktimak eta biktima-eragileak lagundu edo horien alde egin zutenak, eroso egoteko memoria egin nahi dute, eta hori ezinezkoa da, historia aldatzea bailitzateke.