Prentsa-aretoa

Berriak

PSE-EEren ustez, Javier De Andresek proposatutako zerga-aldaketak ez dira “komenigarriak”

“PPren zerga-beherapenak gizarte-murrizketa bihurtzen dira”

Javier Lasarte, PSE-EEko Batzorde Exekutiboak egindako bilera batean. (Argazkia: Euskal Sozialistak)
Javier Lasarte, PSE-EEko Batzorde Exekutiboak egindako bilera batean. (Argazkia: Euskal Sozialistak)

Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerrak prebentzio handiarekin hartu ditu Arabako PP alderdiak Euskadiko zerga arautegirako proposatu dituen aldaketak.  Eta arrazoiak argiak dira:

- Eskuinaren zerga-beherapen selektiboek gehienetan gizarte-murrizketa orokorren sarrera dira. Herritarrek eurek ikusi dute gutxi batzuentzako zerga-beherapenen ondorioz diru-sarrera publikoak murrizten direnean, gizarte-gastua gutxitzen dela eta gehienentzako zerbitzu publikoak murrizten direla.

- Proposamenak ez dator bat euskal gizartearen beharrekin, PPk Espainiako gainontzeko herrietan dituen hauteskunde-interesen araberakoa da.  Rajoyk 2011n ez zuen bere hauteskunde-promesa bete, hots, zergak murrizteko promesa. Oraingoan datozen udal hauteskundeetarako —Espainiako gainontzeko erkidegoetan autonomikoak izango dira— eta hauteskunde orokorretarako prestatzen ari da.

- Euskadik iaz zerga-erreforma bat onetsi zuen dagoeneko, EAJk eta PSEk adostutakoa, alegia. PPk ere horrekin bat egin zuen. Erreforma hori egokiagoa zen Euskadiko errealitaterako.  Ekonomia eta enplegua sustatzeko baliabide gehiago lortzeko zuen helburu, gure zerbitzu publikoekin jarraitu ahal izateko. Eta erreforma horrek arrakasta izan du (orain arte urte honetan % 7 gehitu da bilketa), baina aplikatzen hasi gara, eta oraindik ez dira ondorio guztiak ikusi.  Ezin ditugu behin eta berriz zerga-arauak aldatu, are gutxiago alderdi baten hauteskunde-konpromisoei erantzuteko. 

- Zerga-aldaketak ikuspegi orokorretik landu behar dira, ekonomiaren egoera aintzat hartuta, baita zerga-egitura eta zergekin finantzatuko diren zerbitzu publikoen egitura aintzat hartuta ere. Izan ere, gerta daiteke familia batek 100 euro aurreztea zergetan eta ondoren aurrezpen horrek ondorioak izan familia horrek osasun, hezkuntza, beken, mendetasun eta zenbait esparrutan jasotzen dituen zerbitzuetan. 

- PPk berak onartu du beherapen horien ondorioz erakundeek 300 milioi gutxiago izango dituztela urtero herritarren beharrei erantzuteko.  Kopuru hori, ekonomia guztiz biziberritu arte, zerbitzu publikoetarako baliabideetatik kendu beharko da, eta baliabide horiek dagoeneko nahiko murritzak dira.

- Zerga-erreformak behar ez denean aurkeztu beharrean, Arabako diputatu nagusiak, Javier De Andresek, zerga-iruzurrari aurre egin beharko lioke efikazia handiagorekin.  PSE-EErentzat, iruzurtiek dagokiena ordain dezaten lortzea, zerga-erreforma onena litzateke.

Beste berri batzuk...

Iruzkinak