PSE-EEren ustez, Kutxabankek jarraitu behar du euskal gizarteari zerbitzua ematen
Lan-talde bat sortu du finantza-entitatean eta jatorrizko kutxetan egin beharreko aldaketak antolatzeko

“Kutxabankek, gaur zein gerora begira, euskal gizartearentzat lan egiten duen finantza-tresna eta erreferente bat izan behar du: enpresentzat, bezeroentzat, erakundeentzat, Euskadiko herritarrentzat, oro har. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aurrezki kutxen fusioaren ondorioz sortutako bankua, Europar Banku Zentralak, Europar Batasunak eta estatu mailako legeriak finkatu dituzten arauetara egokitzearren hartzen diren erabakiek, ezingo dute murriztu Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialean aurrera egiteko inplikazioa, ezta euskal gizartea ordezkatuz entitate fundatzaileek metatu duten ondare ekonomiko eta soziala gutxitu ere”.
Horiexek dira PSE-EEren irizpideak finkatzeko sortu den lan-taldean lan egiten hasteko behar diren printzipio ukaezinak; izan ere, datozen hilabeteotan aurrezki kutxak bankuaren jabetzako banku-fundazio bihurtzen direnean aldaketa sakonak sortuko dira —Gizarte Ekintzaz batez ere arduratzen ziren—, eta Kutxabankeko akzioen partaidetzak berriz osatu behar dira, eta horrek finantza-entitatea gobernatzeko sistemetan eta estrategietan eragina izango du.
Ondokoek osatzen duten lan-taldea: Euskadiko Batzorde Exekutiboko Ekonomia idazkariak, Javier Lasartek; Gipuzkoako idazkari nagusiak, Iñaki Arriolak, eta Bizkaiko idazkariorde nagusi eta Portugaleteko alkateak, Mikel Torresek. Horiek guztiek, hausnarketarako eta azterketako talde baten laguntza dute, eta ekonomia eta unibertsitateko arloko adituek osatu dute talde hori.
Sozialisten ustez, Kutxabanken sortu beharreko negozio-sorkuntzarako aldaketek, zalantzarik gabe, entitatearen kaudimena eta lehiakortasuna hobetzea izan beharko dute helburu. “Baina efizientzia hobetzeko ezingo ditu bere erroak galdu eta Autonomia Erkidegoko konpromisoak baretu, banku-entitatea osatzen duten kutxek erkidegoa garatzen lagundu baitute. Tamainak garrantzia du, baina ezingo du azken helburua izan, eta ez da berez errentagarritasunaren eta kudeaketa onaren bermea", adierazi du Javier Lasartek. “Kutxabankeko egungo akziodunetan egin beharreko aldaketek, halaber, ezingo dute jatorrizko kutxek hainbat hamarkadaz finkatu duten ondare ekonomiko eta soziala desegin edo urtu. Alderantziz”, Gaineratu du PSE-EEko Ekonomia idazkariak, “metatutako kapital hori zaindu beharko da eta balioa eman beharko zaio ondo administratutako eta gizartearekin konprometitutako Gizarte Ekintzari finantza mailan eutsi ahal izateko.
Legeak derrigortutako berregiturarekin amaitzeko Kutxabankek bost urte baditu ere, PSE-EE horren inguruko jarrera zehaztu nahi du zuhurtziazko epean. Izan ere, datozen hilabeteotan Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen euskal legea onetsi behar da, iazko abenduaren 27an onetsitako estatu mailako legean jasotako oinarrizko aginduak Euskadin egokitu ahal izateko.