PSE-EEren ustez oso urria da gaur onetsitako gizarte-zerbitzuen garapena
Erakundeen arteko Organoen sozialistek abstentzioa bozkatu dute gai horren inguruan egiten diren aurrerapen txikiak ez blokeatzearren
Vicente Reyesek nabarmendu du ezin dela zerbitzurik eskaini finantzazio nahikorik ez badago, eta Gobernuaren Planak ez duela bermatzen herritar guztiek arreta bera jasoko dutela non bizi diren aintzat hartu gabe
Arlo horretan I+G+b sustatzeko hitzartutako Erakundeen arteko Funtsa abian jartzea eskatu du PSE-EEk.
![Vicente Reyes (artxiboko argazkia). [Argazkia:Euskal Sozialistak]](/upload/foto-original-Vicente-Reyes-en-una-foto-de-archivo-FotoSocialistas-Vascos-Vicente-Reyes-artxiboko-argazkia-ArgazkiaEuskal-Sozialistak-54993069a6075.jpg)
Euskal Sozialisten ustez, Juan María Aburto sailburuak aurrera atera duen Gizarte Zerbitzuen Legearen garapena oso urria izan da. Erakundeen arteko Organoan PSE-EEko ordezkariek abstentzioa bozkatu dute, eta ez dute aurka bozkatu ez blokeatzearren emango den aurrerapauso txikia. Bi urtez negoziatu ondoren, eredu "urria" lortu da Ongizateko Estatuan giltzarri den gaiari erantzuteko.
“Sailburua bere etaparen amaierara iritsiko da eta sailak oso lan txikia egin du; anbizio handirik gabeko planak argi uzten du EAJk uko egiten diola onetsitako legeari”, esan du zuzendaritza sozialistako kide eta legebiltzarkide Vicente Reyesek.
Euskal Sozialistek uste dute Aburtoren proposamena urrun dagoela PSE-EEk Gizarte Zerbitzuen Legeari dagokionez lortu nahi duen kalitatezko eredu publiko, unibertsal, hurbil eta komunitariotik. “Erraza uler daiteke finantzaketa nahikoa ez badugu, Eusko Jaurlaritzak proposatu bezala, ez dela zerbitzu egokirik izango, eta gainera, ezin dela bermatu euskal herritar guztiek arreta bera izango dutela, edozein lekutan bizi ere”, nabarmendu du Reyesek.
Gobernuak, gainera, ez du abian jarri PSE-EErekin hitzartutako Erakundeen arteko Funtsa. Funts horren bidez egoki ezarri ahalko lirateke lehen mailako arretako zerbitzu berriak, baita gizarte zerbitzuen inguruan ikerketa, garapen eta berrikuntza lanak (I+G+b) egin ere.
PSEk dio Urkulluren gobernuak uko egin diola Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema benetan unibertsalizatzeari, gerora begira biztanleen beharrak aurreikusitakoak baino handiagoak izango baitira. Lehen mailako arretan ez du hazkunderik aurreikusi, eta ez du bermatzen planifikazio irizpiderik aplikatuko denik; izan ere, administrazioak aurreikusitako estaldura-helburuak beherantz zuzen ditzake. Gainera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzua 5.000 eta 30.000 biztanle arteko herrietan bakarrik izatea gomendatzen du.
“Ez gaude herri ikuspegi duen planifikazio baten aurrean, ez baita sistema homogeneo eta berdintsua. Ez du mapa bat egin eremu bakoitzean zer zerbitzu egongo diren zehazteko, eta Foru Aldundiaren eta Udalen erabakiaren, edo haien arteko elkarrizketen pean utzi du hori”, azaldu du Vicente Reyesek.
PSEk nabarmendu du gutxieneko estaldurak lurralde mailan kalkulatzen direla, eta ez udalerri mailan edo beste esparru batzuk aintzat hartuta (eremua, eskualdea, arloa etab.); hortaz, lurraldeak gutxieneko estaldurak bete ditzake udalerri bakoitzean plaza guztiak kontzentratuz. Estaldura gutxitzeko aukera zabalik utzi da eta, edozein modutan, lurraldeen artean onartu ezin diren ezberdintasunak mantendu dira.
Estaldura txikiago eta desberdinak
Planaren ondorioak zenbait adibidetan ikus daitezke:
- Araban, 2017rako helburu gisa, etxeko laguntza zerbitzuan 454 ordu gutxitu dira 65 urte edo gehiago dituzten 100 pertsonagatik.
- 2017an estaldura Bizkaian Araban baino % 38 txikiago eta Gipuzkoan Araban baino % 15 txikiagoa izateko aukera zabaldu da.
- Onartu egin da Bizkaian 2017an laguntza zentroetako 65 urte edo gorako pertsonentzako estaldura Araban edo Gipuzkoan baino % 38 txikiagoa izateat.
Sozialisten ustez, prebentzioa (eta ez da halakorik jaso Eusko Jaurlaritzaren proposamenean), hobeto bizitzen laguntzen du zahartzaroaren ondoriozko arazoekin, Alzheimerrerako arreta goiztiarrarekin gertatzen den moduan. “Denok behar ditugu gizarte zerbitzuak, gero eta gehiago, gainera. Egungo bizimoduaren ondorioz zailagoa da familia-eremuak norberaren autonomiari laguntzea, eta une honetan askatasun hori emango digun hurbileko arreta behar dugu inoiz baino gehiago”, azpimarratu du Reyesek. Horregatik Lehen Mailako Arreta ezinbestekoa da, baita etxeko laguntza handitzea eta prebentzio programa gehiago izatea, eta proposatutakoak ez du hori guztia bermatzen.