PSEk euskal udaletan zenbait mozio aurkeztu ditu PPren gobernuak egin nahi duen Hauteskunde Legearen erreformaren aurka
Udal hauteskundeak gertu ditugula eta beharrezko adostasuna lortu gabe proposatu den aldaketari ezetz esatea proposatu du

Euskadiko Alderdi Sozialistak ordezkaritza duen Euskadiko udal guztietan zenbait mozio aurkeztuko ditu, udaletako osoko bilkurek adieraz dezaten zer iritzi duten PPren gobernuan proposatzen duen Hauteskundeen Legearen erreformaren aurrean udalen araubideari dagokionez. Bereziki, udal hauteskundeetarako bederatzi hilabete baino gutxiago gelditzen dela proposatu delako, maiatzean izango baitira, eta ez duelako gainerako indar politikoen gutxieneko babesa.
Sozialistek "iruzurtzat" jo dute ekimena; izan ere, ez du alkateak zuzenean aukeratzea helburu, PPk esan moduan, herritarren erabakia aldatzea baino, udaletako gobernuetan gehiengoak lortuko baitira herritarren hautestontzietan beste gauza bat aukeratu badute ere. Hori dela-eta, PSE-EEren ustez, ezin da biziberritze demokratikorako neurri moduan aurkeztu, ekintza oportunista eta partziala baita: PPk udaletan duen gehiengoarekin jarraitzea oso zaila dela ikusi duenez, alderdiaren interesen arabera bultzatu du aipatutako ekimena.
Horren bidez, Rajoyren PP gobernuak udalen autonomia behin eta berriz erasotzen jarraitu du. Tokiko erreformaren bidez horixe egin zuen, Toki Administrazioren Arrazionalizaziorako eta Iraunkortasunerako Legearen bidez, alegia. Lege horrek gaitasun politikorik eta eskumenik gabe utzi ditu udalak, eta herritarrak toki erakundeetatik aldendu ditu, udalek gero eta zerbitzu publiko gutxiago emateko aukera baitute. Auzitegi eta Epaitegien Mugapen eta Antolaketari buruzko Lege Proiektu bat ere iragarri du; horren bidez, alderdi judizialaren buru izan diren udalen jarduera judiziala bertan behera utziko du. Eta oraingoan PPk udalen demokraziaren mehatxua egin du: alde bakarrez hauteskunde erreforma bat egin nahi du bere hauteskunde- eta politika-interesen mesederako.
Hauteskunde-sistema aldatzeko beharrezkoak dira adostasuna, elkarrizketa eta ituna; PPk aurkakoa egin nahi du. Akordiorik gabe eta udal hauteskundeak gainean ditugula Hauteskunde Orokorren Araubidearen Lege Organikoa premiaz aldatuz alkateak aukeratzeko moduan eta udalen araubidean zenbait aldaketa egitea, PSE-EEren iritziz, jolas-arauak baten mesedean aldatzeko saio oportunista eta antidemokratikoa da.