Prentsa-aretoa

Berriak

Ramón Rubial Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena

Ramón Rubial Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute; hasiera batez bi urterako izango da eta euskararen normalizazioa eta garapena sustatzeko ekimenak gauzatzeko izango da

Ramón Rubial Fundazioko presidenteak, Eider Gardiazabalek, azpimarratu du pozik dagoela “oso serio” hartzen dugun hitzarmena sinatu delako.  “Zerbait egin nahi dugu gure hizkuntza zabaldu eta normalizatze aldera”, gaineratu du.  Gardiazabalek azpimarratu du euskal gizartean azken hamarkadetan bilakaera bizi izan dugula eta “inork ez dituela gure ohiturak eta historia zalantzen jartzen".  Amaitzeko, ohartarazi du “gure esperientziak partekatu behar ditugula baterako etorkizuna proiektatu ahal izateko, eta horixe dela euskaldunen nortasunaren ezaugarrietako bat".

PSE-EEko idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, azpimarratu du sozialistak egon direla “euskararekin lotutako akordio garrantzitsu guztietan”, eta iragarri duenez, "gerora begira, egoten jarraitu nahi dutela".  “Euskara babesten jarraitu behar dugu, sentsibilitate politikoen arteko akordio zabalak lortzeko eremu gisa; euskaldun guztien topaketarako puntu izan behar duela, ideologiak, jatorriak eta alderdiak alde batera utzita, euskara gizarte osoaren ondare baita”, aldeztu du.

Amaitzeko, euskara garatu eta modernizatu behar da “eragile politiko, kultural eta sozial guztien akordio eta inplikaziotik hasita” dio.

Euskaltzaindiako presidente Andrés Urrutiaren arabera, sinatutako konpromisoari esker, “alde biok lan egin beharko dugu herritarren, euskararen eta euskal kulturaren aldeko baterako ekimenak gauzatzeko”.

Euskal hizkuntza sustatzeko ekimenak garatzen eta indartzen lagunduko duen lankidetzarako bide bat egitea du helburu erakunde biek sinatutako akordioak.  Horrela bada, biek elkarrekin egingo dute lan euskararen normalizaziorako proiektuak eta Euskaltzaindiak finkatutako arauak eta gomendioak bultzatzeko.

Erakunde biek euren ikerketa funtsen ondarea erabiltzeko aukera eskaintzen dute, argitalpenen eremuan eta ikastaro, jardunaldi edo mintegiak antolatzeko orduan batera egingo dute lan, besteak beste.

Euskaltzaindiaren egoitzan sinatu dute akordioa; Andrés Urrutia presidentea eta Fundazioko presidente Eider Gardiazabal izan dira.  Akademiako zenbait ordezkari (adibidez, Xabier Kintana eta Adolfo Arejita), PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia eta Taldeko Trebakuntza eta Kulturako idazkari Vicente Reyes ere han izan dira.

Euskaltzaindiaren eta Ramón Rubial Fundazioaren arteko hitzarmenaren sinadura
Euskaltzaindiaren eta Ramón Rubial Fundazioaren arteko hitzarmenaren sinadura