Sozialistek Euskadin informazio-aniztasuna bermatzeko EITBren zerbitzu publikoa defendatu dute
Euskal Sozialistek berriz EITBko zerbitzu publikoarekiko konpromisoa adierazi dute; helburua, Euskadin informazio-aniztasuna bermatzea da. Hori dela-eta, Radio Vitoriarako iragarri diren kaleratzeen aurka agertu du “planifikatu gabe eta langileekin negoziatu gabe egingo baitira”.
Osteguneko Osoko Bilkuran azkenean onetsitako zuzenketan —sozialistek egindako proposamenari erantzuten dio zuzenketa horrek—, EITBko bozeramaileak, Mikel Unzaluk, “azken hamarkada hauetan Radio Vitoriak eta horko profesionalek lan handia egin dutela" onartzea proposatu du, “haien lanari esker, irrati hori Arabako eta Gasteizko informazioaren erreferente nagusi bihurtu baita eta Arabako historiaren parte baita”. Gainera, euskal irrati-telebistaren zerbitzu publikoa berretsi du, EITB sortzeko Legean jasotakoarekin bat etorriz.
Unzaluk, gainera, gaitzetsi egin ditu EITBko zuzendaritzak irratia berriz antolatzeko proposatu dituen neurriak “Radio Vitoriako programazioaren kalitatea arriskuan jar dezaketelako edo tokiko edukiak gehiegi murriztea ekar dezaketelako”.
“Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatzen dio, Plan Estrategikoa amaitu arte (eta egiten ari dira), EITB berriz dimentsionatzeko hartzen den edozein ekimen aldez aurretik horko Administrazio Kontseilura eraman behar dutela eta parlamentuko kontrol lanak burutzen dituen Batzordeari jakinarazi behar diotela, haiek ere euren ikuspuntua eman ahal dezaten”, jartzen du onetsitako ebazpenean. Gainera, ondoko eskaera ere egiten du: “lanpostuetan eragina izango duten ekimenak langileen ordezkariei bidali behar zaizkiela eta gizarte eragileekiko akordioetan oinarritutako neurriak erraztuko dituztela".
Ebazpenak, erakunde-adierazpen moduan zenbait aldiz adierazitako printzipioak jaso ditu. Horren bidez, Legebiltzarrak komunikabideetako profesionalek “erakundeen eta gizartearen arteko bitartekari moduan” egindako lana berariaz onartu du. Hori dela-eta, berriz erakutsi du “kezkatuta dagoela kazetaritzako lan baldintzen eta baldintza profesionalen ezegonkortasuna gora doalako eta lan-baldintzak gero eta okerragoak direlako, eta horrek eragina duelako informazioaren kalitatean eta herritarrek egiazko informazio anitza jasotzeko duten eskubidea arriskuan jartzen duelako”.