Prentsa-aretoa

Berriak

Sozialistek lortu egin dute Eusko Legebiltzarrak hezkuntzako hirueletasuna orokortzeko helburuaren alde egin dezala

Alderdi Sozialistak lortu du Eusko Legebiltzarreko gehiengoak gain har dezala irakaskuntzan hirueletasuna orokortzearen aldeko konpromisoa; horrela bada, Patxi Lopezek ezarritako esperientzia finkatuko litzateke; “izan ere, oso emaitza bikainak izan ditu, Hezkuntzako sailburuak jakitera eman dituen ebaluazioek nabarmentzen duten moduan", Isabel Celaa Hezkuntzako bozeramaile sozialistak adierazi duenez. Bestalde, gogoratu du, datu horiekin bat, Hezkuntza Hirueledunaren Esparrua baliatu duten ikasleek ingeleseko maila altua edo oso altua lortu dutela, eta Hezkuntza Sistemako gainontzeko ikasleen emaitzak hirukoizten dituztela.  “Eta hori guztia —nabarmendu du, halaber, Hezkuntzako bozeramaile sozialistak— euskarazko eta gaztelerazko irakaskuntzaren aurrerapenetan eragin gabe".

Alderdi Sozialistaren sustapenarekin eta EAJ eta PP taldeen babesarekin gaur onetsi den proposamenak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio “pixkanaka eta modu orokortuan ezar dezala Hezkuntza Hirueleduna (eta eleanitza), euskarari lehentasunezko arreta emanez, ikasle guztiek euskaraz eta gazteleraz benetako gaitasuna izan dezaten eta atzerriko hizkuntzan nahiko aritzeko gai izan daitezen Derrigorrezko Hezkuntza amaitutakoan”.  Proposamenak, gainera, esan du helburu hori “ikastetxeen autonomia eta familien aukeraketa errespetatuko dituen esparru malgu baten bidez abian jarri behar dela", eta "gazteen artean aukera-berdintasuna sustatu behar duela, 2020rako Europar Batasunak dituen helburuak betez”. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio “hizkuntza-gaitasuna indartzeko eta irakasleen metodologia sendotzeko neurriak har ditzan".

“Arrazoizkoa litzateke nahi izatea 2019-2010 ikasturtean gutxienez Lehen Hezkuntzako azken hiru urteetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoan hezkuntza hirueledunean lan egin dezaten", ziurtatu du Talde Sozialistako Hezkuntzako bozeramaileak.  “Zazpi urtean ildo horretatik lan eginez gero, hobetu ahal izango lirateke Hezkuntza Hirueledunaren Esparruko hiru esperimentatze-urteetan lortutako emaitza bikainak, eta horrela erantzungo genioke euskal hezkuntzaren arazoetako bati".

“Ezin dugu zalantzan jarri —azaldu du Isabel Celaak— ingelesa jakitea oso garrantzitsua dela ikasleen geroko trebakuntzarako eta lanerako, mundua eta ekonomia gero eta globalizatuagoak baitira; eta nahi badugu gure herriak Europa eta nazioarte mailan punta-puntan izatea, ingelesa da erreferentziazko hizkuntza nagusia.  Hori dela eta, ingelesa behar bezala ezagutzeko aukera ezin da ikastetxe jakin batzuetara joaten direnei, edo ingeleseko eskolaz kanpoko jarduerak egiten dituztenei edo atzerrira joateko dirua dutenei mugatu.  Eta irakaskuntza hirueleduna tresna ezin hobea da gure gazteen etorkizuna oztopatuko dituzten eta gizarte-desberdintasuna areagotu dituzten hizkuntza-aldeak saihesteko".

Hezkuntza hirueledunarekin, azpimarratu du Isabel Celaak, “Hezkuntza Sailak altxorra du, eta barkaezina litzateke horri etekin nahikorik ez ateratzea horren kontra daudenen aurreiritziengatik”.

Beste berri batzuk...

Iruzkinak