Talde Sozialistak kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak “presaz” aplikatu duela botiken baterako ordainketa

Talde Sozialistako Osasun arloko bozeramaileak, Blanca Roncalek, gaur kritikatu egin du "Osasun Sailak Euskadin botiken baterako ordainketa aplikatzeko orduan presaz jokatu duela, eta abian jarri duela hori aplikatzeko oinarrizko datuak eguneratuta eduki gabe, datu horiek udazkenera arte ez baitira ezagutuko”.
“Zehazki —adierazi du— Euskadin 2011ko errenta datuak aintzat hartzen dira, eta horrek disfuntzio handiak sortzen ditu, batez ere kontuan izanik 2012ko Errenta Aitorpenerako kanpaina ekainaren 30ean amaitu zela". Legebiltzarkide sozialistak gogoratu du “herritarren askoren egoera orain oso bestelakoa dela", 2011koaren aldean, "eta ez soilik langabeziagatik edo pentsionista egoerarako aldaketak direla-eta, baita horiek jasotzen dituzten ordainetan aldaketa nabarmenak eman direlako ere".
Talde Sozialistak gaur erregistratu duen Osasun sailburuari zuzendutako galderaren justifikazioan gogoeta horiek guztiak jaso dira. Galdera horren bidez, ondokoa jakin nahi dute: “Gobernuak datuak hobeto alderatzeko formularik proposatu duen edo ez, Euskadiko herritarrei botiken baterako ordainketa aplikatzearen ondorioz arazo gehiago ez sortzearren". Halaber, Blanca Roncalek galdetu egin du zer nolako neurriak aztertuko dituen Gobernuak “erabilitako datuen zehaztasun ezagatik —eta horrek kaltea sortzen duela aintzat hartuz—, egiten diren erreklamazioen tramitazioa arintzeko”.
Horren inguruan, Txarli Prieto Legebiltzarkide Sozialistak beste galdera bat egin dio Osasun sailburuari ondokoa jakiteko: “zein datu eman dizkieten farmaziei erreferentziatzat hartzeko eta noiz berrikusiko dituzten datu horiek”.
"Holako galderen bidez justifikatu egiten da uztaila legebiltzarrean lan egiteko hilabetetzat hartzea, euskal gizarteko sektore garrantzitsu batzuei kezkatzen dizkieten gaiak sakontasunez lantzeko", esan du Osasuneko bozeramaile sozialistak. Blanca Roncalek esan du Talde Sozialista pozik dagoela uztaila lan egiteko hilabetetzat har dezaten lortu dutelako “horrela bada, Eusko Legebiltzarrak botiken baterako ordainketa berriaren sakoneko aplikazioa aztertu ahal izango du, euskal herritarren sektore ahulenei konpentsatzeko neurriak barne. Neurri horiek Legebiltzarrak ekainaren 27an onetsi zituzten”.