Prentsa-aretoa

Berriak

Turismoaren legeak sektorea indartu eta lurralde-eta gizarte-kohesioa bermatuko duela espero du PSE-EEk

77 zuzenketa erregistratu ditu, lege-hutsune handiak betetzearren, ostalaritza babestearren eta turismoaren errealitate berriak bideragarri bihurtzearren.

Susana Corcuera [Argazkia: Euskal Sozialistak]
Susana Corcuera [Argazkia: Euskal Sozialistak]

Turismoaren Legeak, legegintzaldiaren azken unean azkar egindakoak, jatorrizko proiektuan antzemandako hutsune handiak bete ditzala lortu nahi du Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak. Sektorea indartuko duen, turismoaren errealitate berrietara egokituko den eta profesionalentzat eta herritarrentzat erabilgarria eta bermagarria izango den testua izan behar du; gainera, Euskadiko gizarte- eta lurralde-kohesioari lagundu beharko dio.

Turismoko bozeramaile Susana Corcueraren esanetan, Sozialistek proposatuta agertu nahi izan duten eragileek adierazi dituzten hausnarketen ondoriozkoak dira zuzenketa guztiak.  “Proiektua bidaltzen asko atzeratu direnez, ezin izan dira sakonki eztabaidatu Legeak enpresa-jarduera berri batzuetan sortzen dituen zenbait arazo, Gobernuak alde batera utzi baititu.  Erabakia azken unean onetsi denez, EAJ eta EHBilduren artean adostuta, Sozialistek ahalik eta emaitza onena lortu nahi dugu; turista britainiarrei edo errusiarrei euskaraz arreta egitea baino haratago joan nahi dugu: dauden hutsune garrantzitsuak ebatzi nahi ditugu, ezin dira geroko arau-garapenen eskuetan utzi eta”, azaldu du.

Corcuerak ondokoa esan du egungo testuaren inguruan: “gauza gehiegi uzten ditu geroko dekretuen esku”, eta horien bidez arautuko dira turismoko etxebizitzak eta logelak, hotelak, apartamentuak, nekazaritza-turismoak, landa etxeak, kanpinak, aterpeak eta turismo-intereseko jatetxeak, bidaia-agentziak eta bitartekaritza-enpresak, turismo-intereseko beste enpresa batzuk, baita horien guztien Ikuskaritza, Arau-hausteak eta Zigorrak ere.  “Gauza ez da asmoen aitorpen hutsa den Legea onestea; legeak eraginkorra izan behar du Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik, ez tokatzen zaion Gobernuari, seguru aski hauteskundeen ostean egongo denari, garatzen duenean hamarna bat dekreturen bidez; gainera, horien arauketa ez dago Legebiltzarraren esku", ohartarazi du.

Turismo-sektorearen ikuspegi integrala

Hori dela eta, Gobernuari eskatzen dio “orain arte egin ez duen ahalegina egin dezala”, eta proposamenak aintzat har ditzala Euskadin turismoa modu integralean arautzeko "sektorearen balio-kate osoa kontuan izanik". Gainera, arauketa txikia edo planifikazio okerra duen turismoaren akatsak saihestu behar dira, kalitate txikiko enplegua edo profesionaltasun gabezia ekar baitezakete.

Hori dela eta, sozialisten proposamenek ostalaritzaren arauketa-eza zuzendu nahi dute; izan ere, egungo arauketaren bidez ez da turismoko enpresa-jardueratzat jotzen eta, horrez gain, ondoko paradoxa jaso du: turismo-apartamentuak —partikularrek turistei eskaintzen dizkieten etxebizitzak dira—, proiektuaren arabera, hirugarren sektorerako lurzoruan egon behar dute, eta ez bizitegi-lurzoruan.

Gainera, sozialisten zuzenketek zenbait gizarte-eragilek igorritako kezkak ere jaso dituzte; esaterako, Elkarten Elkarteak, irisgarritasun berma handiagoa eskatu du, eta zuzenketetan jaso dugu; beste batzuek lankidetza-ekonomiaren forma berriak eta erabiltzaileekiko, enpresekiko eta agintari publikoekiko harremanak jaso dituzte; horri esker, Interneteko legez kontrako eskaintzei elkarrekin aurre egiteko aukera izango genuke.

Gizarte- eta lurralde-kohesioa.

Zuzenketetako bat, Erakundeen arteko Batzorde bat sortzeko egindakoa da; Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta eskualdeko garapeneko agentziek eta hiriburuetako udalek osatuko lukete aipatutako Batzordea. Helburua, Kongresuetako turismoaren lurraldearen arteko banaketan egun dagoen desorekarekin amaitzea izango da.  Proposamenaren oinarria da egungo proiektuak ez duela jasotzen zer funtzio izan behar dituzten Udalek eta Aldundiek eskumenekoak dituzten esparruetan, orain dela gutxiko Toki Erakundeen Legeak berariaz jasotakoak barne; gainera, zenbait esku-sartze daude.

“Lurralde-kohesioaren eta gizarte-kohesioaren arabera arautu behar da guk nahi dugun turismo-politika integrala.  Eta lurraldeen artean kongresuen eta negozioen turismoan ematen diren bazterketak (MICE turismoa) saihesteko zenbait mekanismo sustatu beharko ditu Legeak.  Ezin dira Euskadin egiten den turismoa eta euskal gizarte osoa bereizi.  Bestalde, ezin dira turismoa, horren bilakaera eta gizarte-kohesio eredua bereizi, Euskadiko adostasun garrantzitsuen ondorioa baita.  Autonomia Erkidego kohesionatu baten, gizarte- eta ekonomia-kohesioa duten eta ongizateko kuota handienak dituen lurraldeen helburua ere jaso beharko da Legean, eta Turismoak horretan lagundu behar du”, ondorioztatu du Corcuerak. 

Beste berri batzuk...

Iruzkinak