Prentsa-aretoa

Dokumentuak

EUSKO JAURLARITZA ETA PSE-EE ALDERDIAREN ARTEKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN 2006KO AURREKONTU OROKORRAK ONARTZEA XEDE DUENA

SARRERA .

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Proiektua prestatu eta onartzeko ahalmen esklusiboa Eusko Jaurlaritzari dagokio.

Aipaturiko taldeak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2006 urterako Aurrekontu Orokorren gaineko Proiektuari ipini zizkion zuzenketak aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EE alderdiak elkarrekiko hitzarmena lortu dute aipaturiko Lege Proiektua onartzeko.

Xede horretarako honako hauek jarraitu beharko dira:

OINARRIAK .

1.- Hitzarmenaren eremu material soil eta bakarra 2006 urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Proiektua onartzeko Lege Proiektua onartzea da.

2.- Hitzarmenak 2006 ekitaldi osoan indarra izango du, eta hortaz ekitaldi horretarako onartutako Aurrekontu Orokorrak gauzatu arte gainera; eta horrela alderdien aldetik konpromisoa dago onartutako Aurrekontu Orokorretako magnitude nagusiak nahiz hitzarmen honetan jasotako aurrekontu konpromisoak indargabetu ahal ditzan neurririk ezta ekimenik ere ez hartzeko.

3.- Oinarri hauek ezarriko dira nor bere jarrera ideologikoari eta programatikoari jarraituz egoki deritzen ekimen eta irizpide guztiak aurkeztu, defenditu eta azaltzeko garaian legebiltzar taldeek duten askatasuna gutxitu gabe, betiere horiek aurreko oinarriak gordetzen badituzte eta ez badakarkiote ez baldintzarik Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak gauzatzeari ezta eraginik aurrekontuari ere.

4.- Oinarriok eta beroiek garatzen dituzten jokatzeko jarraibideak, kasu bakoitzaren araberako malgutasunez ulertu eta ezarriko dira elkarrekikotasun eta zintzotasun irizpideei jarraituz eta oztopatzeko jarrerak baztertuko dira negoziazio, elkarrizketa eta transakziorako beharrezkoak diren ahaleginak beti egin daitezen.

KONPROMISOAK 2006 EKITALDIAN GIZARTEGINTZA ETA GARAPEN EKONOMIKOA BIDERATZEKO .

2006 urtean gure Erkidegoan gizartegintzan eta garapen ekonomiko jasangarrian aurrerapausoak ematearen alde iritzi berdina dugula eta helburu horietarako aurrekontuak duen garrantziaz jabe, bi alderdiok elkarri hitza ematen diogu honako hau egiteko:

- Politika sozial eta ekonomiko gehiago eta hobeak berma ditzaten aurrekontu politikak sustatzea enplegu, ongizate eta bizi kalitate gehiago sortzeko helburuz hazkundearen alde apustu bat egiten delarik.

- Lurraldeen arteko batasuna eta herrialdearen modernitatea ahalbidera ditzaten azpiegiturak eta egitasmo estrategikoak sustatzea hazkundea eta ongizatea bermatzeko.

- Euskadiren aurrerapena sustatzea eta horretarako gure unibertsitatetan egin beharreko ikerketa sendotuko da eta halaber herrialdean balio erantsia sortzeko aukera ematen digun azpiegitura zientifikoa, bertako nahiz kanpoko zientzialarien talentua gorde eta erakarriz.

- Gure osasuna, gure hezkuntza eta gure etxebizitza politikak hobetzea, batez ere baliabide urrienak dituztenei etxebizitza eskuratzeko aukera emateko.

Lehenengo konpromisoak aintzat hartuta, bat gatoz adierazitako modutan politika eta ekimen batzuei berariaz aurrekontu zuzkidura berezia ematea oso garrantzitsua dela. Politika eta ekimen horiek jarraian aipatutako hauek dira:

a) Oinarrizko Errenta, Gizarte-larrialdietarako Laguntzak eta bestelako gizarte politikak .

1. Oinarrizko Errenta.- Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legeek eta Gizarte Eskubideen Agiriak osatzen duten arau esparrua ikuskatzea lehentasunezko gaia dela uste dugu, arian-arian gero eta herritar gehiagok oinarrizko errenta har dezan, eta horren barne egongo dira errenta jaso ahal izateko gaur egun hartzen den adina berriz aztertzea eta gizarteratzeko tresnak, eta politika honek berez daramatzan kontrola, ikuskaritza eta fiskalizazioa sendotzea. 2006 ekitaldian prestazio horren zenbatekoa LGLaren %87 izango dela hitzartu da.

2. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL).- Aldi baterako eta laguntzeko duen izaera aintzat hartuta, eta honelako laguntzen bidez ordaintzen diren osagaien izaera egokia den ala ez erabakitzeko egiten den hausnarketaren emaitza alde batera utzirik, PSE-EE alderdiarekin transakzio-zuzenketa bat hitzartu da, GLL gaietan zuzkidura 35 miloi euroraino handi daitekeela aitortzen duena eta gastuen xehetasunean horrela ageri dena.

3.- Mendekotasuna.- Eusko Jaurlaritzak bere hitza ematen du mendekotasuna eta harekiko laguntza baloratzeko irizpideak homogeneizatzeari buruz 2005eko abenduaren 14ean Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak onartu zuen ez legezko proposamenaren edukia betearazteko.

b) Azpiegiturak .

EAEko Trenbide Sare Berriaren Gipuzkoako tarteari zuzendutako inbertsioari dagokionez, hitzartu da, Estatuaren Administrazioarekin dagokion hitzarmena sinatu ondoren, aurrekontu araubideko arauekin bat etorriz egokiak diren aurrekontu aldaketen bitartez, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu zuzkidura emango diela hitzarmen horretatik Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarentzat eratortzen diren konpromisoei. Hain zuzen ere, 2006 ekitaldirako 49,96 miloi euroko habilitazioa zenbatetsi da.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoak azpiegitura horrekiko eginiko lizitazioei buruz Auzitegi Konstituzionalaren aurrean planteatutako eskumen gatazka erretiratu eta gero, 2006 ekitaldian erabil daitezen, 2006 ekitaldirako ordainketa kredituak eta geroko ekitaldietarako konpromiso kredituen artean 40 miloi euroko mugaz, hain zuzen ere, azpiegitura horretan Euskal Autonomia Erkidegoaren kargura utziko den zatiaren eraikuntza finantzatzeko aurrerakin bezala, 2005 ekitaldian konprometitu ez zirelarik, horren ondorioz ekitaldi horretan gauzatu ez ziren kredituak bere baitan sartuko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Hala eta guztiz ere, 5135 ("EAEko Trenbide Sare Berria") Programan jasotako zuzkidurak egokitzat hartzen dira gai horretan egin behar diren azterlan eta egitasmoetarako, eta horien artean, hala dagokionean, barne daude intermodalitateari, lurperatzeari, eta abarri zuzenduak.

Era berean, mailakatzearen araberako neutroien zentroaren kudeaketa modua Estatuarekin argitu eta gero, hitzartu da aurrekontu araubideko arauekin bat etorriz ekitaldian zehar 2006 ekitaldian egin beharreko azterlanen gaietan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarentzat erator litezkeen konpromisoei aurre egiteko beharrezko kredituak gaitzea; edo, hala badagokio, aipaturiko jarduketarako beharrezko kredituei zuzkidurak emateko helburuz dagozkion aurrekontu aldaketak egingo dira, zuzkidura, gehienez jota 300.000 eurokoa izango dela zenbatetsi delarik.

Eusko Jaurlaritzak eutsi egingo dio indarrean dauden erakunde arteko konpromiso batzuk betetzeari. Hain zuzen ere konpromiso horiek dira Inbertsio Publikoari Finantza-Laguntza Emateko Esparru-Planean sartuta daudelarik Eibar-Gasteiz autopista eraikitzeari eta A-8 eta A-68 direlakoen arteko loturari dagozkionak. Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren baitan erakunde arteko hitzarmen berriak sortu eta gero, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa ez delako aipaturiko egitasmoetan haren finantza partaidetza berria hitzartuko balitz, Eusko Jaurlaritzak bere hitza ematen du hitzarmen horietarik eratorritako konpromisoak bere gain hartzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bere hitza ematen du Eibarreko udalerrian eta trenbide gaietan aurreikusitako jarduketak ekiteko, eta horretarako Udalarekin beharrezko hitzarmenak sinatuko ditu.

Bukatzeko, azpiegitura gaietan izan diren zatiko zuzenketei dagokienez, ondorengo zuzenketen transakzioa adostu egin da, beherago agertzen diren zenbatekoekin.

Beste dokumentu batzuk...