Prentsa-aretoa

Dokumentuak

Manifestua "Kultura irekia-Cultura abierta"

Kultura irekia

Aniztasunean oinarritutako kultura

Euskal gizartean azken 30 urteotan aldaketa sakonak egon dira politika, ekonomia eta kulturaren alorretan. Demokrazia eta autogobernua pixkanaka finkatzen joan dira, baina oraindik jokabide intoleranteak eta antidemokratikoak ikusten dira, eta horien adierazgarririk gaitzesgarriena ETAren indarkeria da.

Demokraziari esker, euskal gizartearen aniztasun sakona azaleratu da. Anitza da nortasun kolektiboaren inguruko sentimenduari eta hainbat faktoreri dagokienez, hala nola, jatorria, hizkuntza, ideologiak, sinesmenak, taldeen eta gizabanakoen kulturen oinarriko sinboloak, etab.

Hortaz, Euskal kultura iraganetik garbi eta kutsatu gabe oraina zehazteko iritsi zaigun pitzadurarik gabeko ondare unibokotzat jotzea amets hutsa da; ideia hori ez dago benetako historian oinarrituta eta ez du XXI. mendeko euskal gizartearen errealitate konplexua kontuan hartzen. Gizarte demokratiko guztietan bezala, euskal kulturaren nortasuna anitza eta mestizoa da, izan ere, haren barneko kultura adierazpen eta errealitate desberdinen batuketan eta horien arteko harremanean oinarritzen da. Bere aniztasuna balore iraunkor bat da eta bermatu eta zaindu egin behar da, hau da, ez da etsipenez onartu behar dugun zerbait.

Hori dela eta, euskal kulturak gizabanakoen eta taldeen adierazpen anitz biltzen dituen eta elkarrizketa eta itunaren emaitza diren helburu komunak eraikitzen dituen prozesu barneratzaile bat izan behar du. Eta ondorengo hiru oinarri hauek izan behar ditu: demokrazia gehiago, askatasun gehiago eta desberdinak direnen arteko errespetu gehiago.

Kultura adierazpen desberdinen aniztasuna funtsezkoa da euskal gizartearen kohesioa lortzeko. Eta kohesio horren oinarria ez da beste batzuek euskalduna denaren inguruko kontzepzio batzuk derrigorrez asimilatzea, askatasunean eta bakean bizitzea eta nortasun sentimenduen aniztasunean oinarrituz haztea eta sortzea ahalbidetzen duten jarraibideen inguruan adostasun sortzaile eta emankorrak lortzea beharrezkoa dela askatasunez onartzea baizik.

Herritarren aniztasuna eta gizabanakoen eskubideak errespetatzen dituen kultura demokratiko zuzen bat lortzeko beharrezkoa da egungo hezkuntza, kultura eta hizkuntza politikei ikuspegi berrietatik heltzea. Ikuspegi berri horiek komunikabide publikoen alorrera ere iritsi behar dute, izan ere, ezin dute une bakoitzean gobernuan dagoen taldearen ideologia ezartzeko beren interesen arabera manipulatuak izaten jarraitu.

Herritarrengan oinarritutako eta herritarrentzako kultura bat

Azken urteotan herri administrazioko maila guztietatik ahalegin garrantzitsua egin da kulturaren alorra eskuragarriago jartzeko. Hainbat eremutan inbertitu da, adibidez, ekipamenduetan, kultura industrien sustapenean, programazioan, eta sorkuntzan, baina esparru guztietan ez da berdin inbertitu eta ez dira beti inbertsio egokiak egin. Gainera, oraindik lurraldeen arteko desberdintasun eta gabezia garrantzitsuak daude, eta beharrezkoa da horiek zuzentzea.

Horretarako, ezinbestekoa da kultura-administrazio garden eta demokratiko bat izatea, egindako okerrak zuzentzea eta modu eraginkorrean lan egitea kultura demokratizatu eta aberasteko.

Hau da: eskuragarri egotea bermatzea eta eskaintza hobetzea eta sormen askatasuna zaintzea.

Kulturaren alorrera sartzeko aukera berdintasuna, herritarrek kultura sortzen parte hartzea, kulturaz gozatzea eta ekoizpen propioaren eta ondare unibertsalaren zabalkundearen arteko oreka funtsezko baloreak dira kulturaren kontzepzio demokratiko bat izateko.

Kulturak herritar guztien zerbitzura egon behar du eta erabilgarria izan behar du herritarrak eta kultura-sortzaileen arteko harremanak estutzeko, bereziki, geure lurraldeko sortzaile eta eragile kulturalei dagokienez. Kontraesankorra da ekipamenduak areagotzeak Euskal Herriko kultura industriak sendotzea ez eragitea eta kultura produktu sortzaile eta ekoizle askok beren talentua azaltzeko beste nonbaitera joan behar izatea.

Herri administrazioen erantzukizuna da herritarren eskaerei erantzutea, horiek sustatzea eta horrela, lurraldean kultura dentsitatea sortzea, herritarren ekimenen kopurua ahal beste areagotzea sustatzea, ahal beste proiektutan elkarlanean aritzea, lurralde sareak finkatzea, kultura ekipamenduak edukiz betetzea eta alde batean uzten diren errealitateak kontuan hartzea.

Hala ere, kulturak ezin du herritarren sektorerik antolatuenenen eta aktiboki esku hartzeko joera gehien dutenen eskaerak asetzera mugatu. Horrez gain, beharrezkoa da pentsamendu joera guztiez elikatzea eta finkatuta dagoen kultura onartzen ez duten edo oztopo fisiko nahiz psikologiko jakin batzuen ondorioz, kulturaren alorretik baztertuta daudela sentitzen duten pertsonak hurbiltzea lortzen saiatzea.

Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da lan artistikoa eta kulturaren alorreko produktua hartzaileengana hurbiltzeko hezkuntza politikak garatzea. Gizartea eta kulturaren alorreko bizitzan parte hartzea ez da kontsumora mugatzen, dauden baliabideak aktiboki bereganatzea, horien bitartez bizimoduak eta ohiturak eraldatzea, beren gizartearekin eta beren garaiarekin konprometitutako herritarrei protagonismoa ematea eta nagusitzen diren konformismoak zalantzan jartzea da.

Kultura politika ireki bat lortzeko hamar irizpide

1.- Kalitatezko kultura ireki eta demokratiko bat sustatzea, eta bertan, euskal gizartearen, haren eragileen, sortzaileen eta talde interesgarrien aniztasuna politika, estetika edo pentsamenduarekin lotutako arrazoien ondoriozko bazterkeriarik eta dirigismorik gabe adierazteko aukera izatea. Kultura politikak sortzaile guztien sormen askatasuna eta aukera berdintasuna bermatu behar du.

2.- Kultura politikak koordinatzea, izan ere, sakabanatuta egoteaz gain, modu traketsean araututa daude. Erakunde bakoitzaren egitekoak eta eskumenak berriz definitzea eta kultura ekintza sustatzaile, talde edo alderdi politikoen marketin eragiketa bilakatzea ekiditea, izan ere, batzuetan protagonismoa izatea lortzeko lehian aritzean baliabideak xahutu egiten dira, herritarren interesen kalterako.

3.- Hainbat alor (sortzaileen prestakuntza, ekoizpena eta zabalkundea) epe ertainera eta epe luzera planifikatzea, kultura ekintzen balore eskala osoa kontuan hartuz, eta kulturaren garapen orekatu bat lortzeko ezin dela inprobisazioan oinarritu ulertzea.

4.- Kulturaren alorreko ekoizpena babestu eta sustatzea, hau da, bai euskaraz egiten dena, bai gaztelaniazkoa ere, eta kasu bietan eskaera eta proposamenen kalitatea kontuan hartzea. Hizkuntza ezin da Euskadin ekoiztutako kulturaren bereizketa elementu bat izan. Euskal administrazioak euskararen hizkuntza eta kultura ondarearen babesa, sustapena eta garapena lortzeko lan egingo du, herritar guztien eskubideak bermatzeko eta pertsona gutxiko merkatu bat izatearen ondoriozko mugak konpentsatzeko.

5.- Gailentzen hasten ari dena antzeman eta sustatzea eta sortzaile berrien, berrikuntzaren eta teknologia berrien aldeko apustu argia egitea kulturaren alorrean. Berrikuntzaren alde apustu egiteko, beharrezkoa da kulturaren balore kritikoa eta ezarritako gustuak eta jokabideak zalantzan jartzeko eskubidea onartzea.

6.- Lurralde osoan kultura jarduera hedatzea eta tokiko jarduera kulturalei protagonismoa eta baliabideak hornitzea. Tokiko politikak ez du kultura kontsumoan soilik oinarritu behar, jarduera kulturalaren eremu desberdinetan sormen eta esperimentazio intelektual eta artistikorako guneak ere martxan jarri behar ditu, baita sortzaile ezagunei nahiz berriei beren proiektuak sortu eta ekoizteko aukerak eskaini eta tokietako errealitate desberdinekin lotutako sareen bitartez ezagutzera eman ere.

7.- Elkartruke kulturalerako kanpo lotura berriak sortzea eta daudenak sendotzea. Kulturaren alorreko produktu eta kontzeptuei dagokienez, distantziak eta lurraldeen arteko desberdintasunek gero eta garrantzi gutxiago daukate. Mundu globalizatuan, norberea zaintzeko ezin da erreakzio jarreretara jo, lehia, ulergarritasuna eta erakargarritasunean oinarritu behar da. Elkartrukean eta kontrastean oinarritu behar da, euskal kulturaren kanpoko zabalkunde sareetan aktiboki eta lotsarik gabe parte hartu behar da, geure ekoizpenaren kalitatea hobetzea eragin behar da.

8.- Kulturan inbertitzea, hau da, lurraldea antolatzen duten ekipamenduz osatutako sare orekatu batean eta herrialdeko sortzaileei babesa eskaintzeko inbertitzea. Kulturara bideratzen diren baliabide ekonomikoek herritarren bizitzaren kalitatean eta beren komunitatearekin identifikatzearekin lotutako ondorio positiboak eragiteaz gain, aberastasuna eta lana sortzen duen sektore bat bultzatzen dute. Kultura sortzaile gehienek beren lana ekoizpen egitura txiki edo ertainetan garatzen dute eta beharrezkoa izaten da beste sektore batzuetan ETEek hasieran enpresak sortzeko eta finkatzen laguntzeko jasotzen dituzten babes politiken antzeko politika zehatzak egotea.

9.- Kultura sortzeko eta zabaltzeko sustapen ekintzetan ekimen pribatuak erakunde publikoekin batera parte hartzea lortzea. Administraziotik kanpo gizarteak kulturaren finantzaketan parte hartzea sortzaileentzako askatasun eta independentzia berme bat da, erakunde publikoen diru-laguntzak soilik jasotzen dituen kultura baten arriskuen aurrean.

10.- EITB Taldearen egiteko soziala osorik berriz planteatzea. Euskal irrati eta telebista erakunde publikoak gaur egun daukan monolitismo ideologikoa alde batera utzi behar du, hau da, egitura ireki bilakatu behar du, bizitza demokratikoa, kultura, sormena eta ikus-entzunezko industriaren garapenerako erreferentea izan behar du. EITBk benetako zerbitzu publiko batek berezko dituen baldintzetara egokitu behar du independentzia, gardentasuna, aniztasunaren defentsa, informazioaren objektibotasuna eta kultura duintasunari dagokienez, eta orotariko pentsamoldeak barne hartu behar ditu.

Sozialiston asmoa kultura ireki baten alde jarduten duen kalitatezko kultura politika bat sustatzea da, izan ere, hori euskal gizartearen ondare komuna da. Politika horretan, kultura ahaleginez gauzatu den baina motibazioa pizten duen bidaia gisa ulertu beharko da, hau da, aukera anitz eskaintzen dituen, komunitatearen loturak sortu eta sendotzen dituen lurralde batera doan bidaia gisa, eta bertan, pertsona bakoitzak bere nortasuna eta munduaz duen ikuspegi berezia elkarrizketa eta narrazioen bitartez osatu eta aldatzen du. Bakean oinarritutako kultura da eta bertan, gatazkak eta gizabanakoaren eta taldearen aurrerapen motorra bidezkoagoa, barneratzailea, orekatua eta solidarioa den gizarte batera bideratzen dira.

Beste dokumentu batzuk...