Prentsa-aretoa

Dokumentuak

Manifiesto "EUSKARA ASKATASUNEAN - EUSKERA EN LIBERTAD"

1. Abiapuntua

Haize berriak dabiltza Euskadin. Erregenerazio haizeak gizartean, kulturan eta politikan. Gure eguneroko bizitza zamatzen jarraitzen duten iraganeko presentziak gorabehera, gauza asko ari dira aldatzen partekatzen dugun errealitate honetan. Besteak beste, Euskadin hizkuntzaren gaia ulertzeko moldea ari da aldatzen, eta aldi berean antzeman egiten da beharrezkoa dela formula berriak proposatzea elkarbizitza harmoniatsu eta emankorra lortzeko euskararen eta gaztelaniaren artean.

Horregatik, eta “Euskara askatasunez” izenarekin, adierazpide kritiko, anitz, demokratiko eta integratzaile bat sustatu eta bultzatu nahi dugu euskarazko kulturari buruz ikuspegi moderno eta irekia duten pertsona guztiak biltzeko.

Gehiegitan jasan dugu euskal gizarteak dituen hizkuntzekiko erabilera politizatu eta gehiegikeria politikoez jositako giroa. Egoera horren aurrean, defendatu nahi dugun politika euskaltzaleak ezaugarri berezi zenbait izango ditu: oinarri identitario edo historizistarik gabea izango da, gaur egungo euskal gizartearen elebitasunean oinarrituta egongo da eta, ondorioz, akordioan sustengatutako elebitasuna bultzatuko du.

Honen ildotik proposatzen dugu enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela, hizkuntzaren gaiak ezin dituela euskal hiritarren aukera pertsonalak modu erabakigarrian baldintzatu. Hausnarketa orokor bat egin behar dela uste dugu akordio berri bat lortzeko hizkuntza politikari buruz, bi hizkuntzen hiztunen artean bizikidetza librea ahalbideratzeko.. Izan ere, gure iritzirako, euskarazko kultura moderno eta inolako sektakeria ideologikorik gabea sendotzeko bidea neurri eta ekintza berriak bultzatzetik etorriko da. Neurri eta ekintza horiek, hizkuntzaren erabileraren kasu zehatzean, benetan eraginkorrak izan beharko dute sustatze eta bultzatzeari dagokionez, eta gaztelaniaz bakarrik mintzatzen diren euskal hiritarrak baztertzea ekar lezakeen inposaketazko ezein politikatik urrunduak.

2. Ikuspuntuak

Euskal gizartea prestatua dago, demokrazian hainbat hamarkada egin ondoren, gobernuan aldaketa eta alternantzia burutzeko. Garaia da alternatiba bat eratzeko Euskadiko kudeaketa politikoan, besteak beste norabide aldaketa sendo bat bultzatuko duena kulturari buruzko politika ulertzeko moduan eta mamian. Kultura-eredua benetan aldatu ahal izateko nahiatezkoa da Eusko Jaurlaritza ere aldatzea.

Ikuspegi horren aurrean, euskararentzako kultura berri bat defendatzen dugunok elkargune bat bilatu nahian gabiltza, kultura eta hizkuntza politikei beste norabide bat eman beharra dagoela pentsatzen duten pertsonak elkartzeko, politika horiei ikusmolde alderdikoi eta sektarioak, are nabarmen diskriminagarriak ere, kentzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza mintzatzen dira, komuna horietako bat bakarrik den arren. Biak ere hartu behar dira erakunde publikoek babestu eta sustatu beharreko ondare sozial eta kultural gisa. Gobernatzeko ardura daukatenek ezin dute baztertu ez euskara ez gaztelania. Hori dela eta, uste dugu lehentasunezkoa dela hizkuntza hiritarren zerbitzura jartzea eta ez alderantziz. Erakunde publikoek hizkuntza-arloan bultzatu beharreko ekintzak ez du bakar-bakarrik euskal gizartearen zati baten irizpideetan oinarritu behar; aitzitik, eredu libreago bat erdietsi behar du, Euskadiko hiritarren hizkuntza-errealitatea errespetatu eta gizarte-kohesioa indartuko duena. Erabat sinetsita gaude euskararen oraingo osasuna eta haren erabileraren geroa hertsihertsiki loturik daudela behar bezalako sustatze politika bati, besteak beste, euskara ikastea hurbilerraza eta erakargarria izan dadin.

Nahitaezkoa da, halaber, euskaltzaletasuna ikusmolde abertzale edo nazionalistatik erantsi ohi izan zaizkion edukietatik bereiztea. Euskara lantzea eta ikertzea ez daude berez halako ideologia jakin bati loturik, arlo horietan aritu eta ari direnen perfil politiko denetarikoak erakusten duen bezala.

Eta helburu horien guztien gainetik, eta hizkuntza-faktore soiletik haratago, bada eginkizun premiazko eta oinarrizko bat, hau da, bultzatzea euskarazko kultura bat guztiz demokratikoa eta inolako oniritzi, tolerantzia edo hurbiltasun intelektualik azalduko ez duena ETAren eta haren inguruaren oinarri ideologiko eta xede totalitarioekiko, horrek, bestalde, pertsona askok euskara eta euskal kulturarekiko duten atxikimendurik eza ekarri baitu.

3. Proposamenak

Euskararentzat proposatzen dugun politika berriak euskal gizartea integratu egin nahi du bizikidetza demokratikoko proiektu komun batean non euskarak bere leku propioa aurkituko baitu gaztelaniarekin batera.

Jakitun gara zer aberastasuna eta zer komunikazio ahalmen ikaragarria ematen dion Euskadiri bi hizkuntzaren jabe izateak, eta horregatik aurrerantzean hizkuntzen arteko kohesio eta bizikidetzarako politika bultzatu nahi dugu, ezein liskarretik urrunduta.

Euskal hiritarrek kultura arloan behar eta eskatzen duten norabide berria guk uste zenbait zutabe estrategikotan oinarritu daitekeela, horiek baitira euskararentzako politikaren gaineko ikuskera berri baten ondoriozko erreforma-proposamenak.

a) Euskaraz egindako jarduera kulturalen finantzaketa publikoari eustea, konpromiso garbi-garbia hartuz ez dela haien hornidura ekonomikoa gutxituko, eta gaztelaniaz gauzatzen den euskal kultura babesteari kalterik ekarri gabe.

b) EITB eraberritzea informazio-zerbitzu publiko anitz eta demokratikoa, eta kalitateko eduki kulturalekin, eskaintze aldera. ETB-1en moldeak, edukiak eta aurrekontua aztertzea kultura euskaldun moderno eta askotarikoa garatzeko tresna baliagarri eta eraginkorra izan dadin.

c) Aniztasunean oinarritutako hizkuntza-eredu bat defendatzea: eredu horrek hezkuntza-sisteman bere isla izango du euskara belaunaldi berriei helaraztea bermatzeko, eta erdaldunak euskararen mundura erakartzeko, euskaraz ez dakiten horiek uxatzeke edo eta nahitaez ikastera behartu gabe, izan ere emaitzak etsigarriak izan dira-eta gehiegitan.

d) Kultura-proiektu euskaldun demokratiko eta askotarikoa garatzea, nola euskara hala euskarazko kultura erabilera politikotik kanpo utziko duena.

e) Euskarazko kulturaren prestigio demokratikoa hiritarren artean lehenbailehen berreskuratzea, oinarritzat hartuz aniztasun eta sormen irizpideak, hiritartasunari lehentasuna emanez identitatearen eta etnikotasunaren gainetik, eta argi eta garbi salatuz nazionalismo biolentoak —euskaldun askoren urruntasuna eraginez— sortarazten duen identifikazioa.

Uste dugu gutxienezko proposamen-multzo honen gainean adostasun batzuk sor daitezkeela hurrengo urteetan euskal kultura ireki eta libre bat eraikitzen laguntzeko, Euskadiko autonomia erkidego guztiaren aniztasuna ordezkatzeko gauza dena eta, beraz, hemengo hiritarren isla duintzat ere har litekeena.

Euskera Askatasunean

Beste dokumentu batzuk...