Sala de Prensa

Noticias

Rodolfo Ares: "Etorkizunean izan ditzakegun instituzioetatik nork bere ideiak defendatzea lortu behar dugu"

Ezker abertzalea «aldarrikapen eta planteamendu politikoak dituen herritarren kolektibo» gisa izendatu du, eta «konponbidearen parte» izan dadin nahi duela dio, «beharrezkoa» delako.

BILBAO

Martxoaren 8an hartu gaitu, PSE-EEren egoitza nagusian. Beste kazetari bat espero zuen, eta atentzioa eman dio elkarrizketa egitera eta argazkiak ateratzera joan zaizkionak emakumezkoak izateak. «Bi emakume, eta justu emakume langilearen egunean!».

Espainiako Gobernuak Iñaki de Juanaren espetxealdia arintzeko hartu duen erabakia egokia dela uste duzu?

Zeharo egokia dela uste dut. Gobernu demokratiko batek ahal duen guztia egin behar du pertsona baten heriotza ekiditeko, betiere legeak aukera ematen duen neurrian. Horixe egin du Gobernuak. Eta badakigu erail zituenekin batere gupidarik izan ez zuen pertsona batez ari garela, baina horixe da, hain zuzen, bihotz oneko pertsonak eta ekintza terroristak egin dituztenak bereizten dituena.

Alderdi sozialistak espero zuen PPk horrelako erantzun gogorra ematea?

Zoritxarrez, bai, historiak erakusten duelako PP oposizioan dagoenean etengabe erabiltzen duela terrorismoaren aurkako politika gobernu sozialista jipoitzeko. De Juanak hiru urteko zigorra jaso zuen mehatxuak egiteagatik eta espetxe zuzendaritzaren eta fiskalaren txosten guztiak ziren Gobernuak hartutako neurriaren aldekoak. Arazoa da PPk gezurra eta manipulazioa erabiltzen dituela gobernu sozialistaren aurka egiteko. Eta hori arduragabekeria da, lortzen duen bakarra gizartea zatitzea, giroa asaldatzea eta liskarra sortzea delako.

Garzon epaileak Joseba Elosua askatu du, behin-behinean preso zegoela, osasun arrazoiengatik. Posible da gaixotasun larriak dituzten beste presoekin ere berdin jokatzea?

Iraganean hainbatetan hartu dira halako neurriak. Felipe Gonzalezen gobernuak egin zuen, Suarezenak, eta Aznarrenak ere bai. Beraz, gure legeek jasotzen duten neurria da. Jakina da gaixotasun larriak dituzten presoak badaudela, eta txostenek erabaki horren alde egiten badute, ez dago arrazoirik gure legeak ez ezartzeko. Halako neurriak dira, hain zuzen, demokrazia indartzen dutenak, eta gauzatzen jarraitu behar dugun oso printzipio argia da.

De Juanari buruzko erabakia duela ia urtebete abiatutako prozesuarekin jarraitzeko borondatearen keinu gisa uler daiteke?

Ez, ez. Bake prozesua hautsita dago. ETAk lurperatu zuen, zoritxarrez, Barajasko atentatuarekin. De Juanari buruzko erabakia, bizitza bat salbatzeko hartutako erabaki demokratiko gisa soilik ikusi behar da.

Hautsita daude elkarrizketa bide guztiak Barajasko atentatuaren ondoren?

Euskadiko alderdi sozialistaren aldetik bai, erabat.

Zer falta da Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketei berriz ekiteko?

ETAk indarkeria behin betiko uztearen alde oso apustu argia egitea, zalantzarik gabea. Ez badu zalantzarik gabeko apustu hori egiten, orain gauden egoeran egongo gara; Barajasen bi hildako eragin dituen izugarrizko atentatua egiten duen eta azken komunikatuan ekinbide terroristari berriro ekiteko aukera mahai gainean jartzen duen talde terroristaren aurrean.

Zer geratzen da udazkenean alderdi sozialista, EAJ eta ezker abertzalearen artean izandako elkarrizketetatik?

Alderdien artean egon ziren harremanak, baina ezker abertzaleak, edo hobeto esanda, ETAk hautsi eta lurperatu egin zituen elkarrizketarako aukera guztiak Barajasko atentatuan.

Edozein modutan, hondarrik utzi zuten elkarrizketa haiek?

Agerian geratu zena da ezer gutxirako balio duela ezker abertzalearekin baldintza horietan hitz egiteak gero ETAren menpe egongo bada. Nahiko nuke aurrera begiratzeko gaitasuna balute eta ulertuko balute politika egiteko indarkeriatik aldendu behar dutela eta joko arau demokratikoetatik bere jarrerak defendatzeko aukera dutela, baita joko arau horiek aldatu nahi badituzte ere.

Zer irizten diozue ezker abertzaleak Iruñeko Anaitasunan aurkeztutako autonomia proposamenari?

Ezker abertzaleak politika indarkeriatik aldenduta egiteko apustu oso argia aurrez egin balu, haren proposamenak baloratu eta eztabaidatu ahal izango lirateke. Nik aitortzen dut ezker abertzalearen azken proposamenetan interesgarriak izan daitezkeen berrikuntzak daudela. Baina indarkeriatik aldendu eta politika egiteko apustu argirik ez dagoen artean, ez du merezi proposamen horien balorazioetan denbora galtzea.

Alderdi sozialistak jaso du proposamena?

Ez.

Zapaterok aste honetan Senatuan esan du askotariko ideiak, identitateak eta sentimenduak dituen Euskadi bezalako gizarte batean «sakoneko akordio batek soilik» ekarriko duela egonkortasun garaia arlo politikoan eta esparru politikoaren onarpen orokorra. Zer deritzozu desberdinen arteko akordio horri?

Guk beti esan dugu gure etorkizuna desberdinen arteko adostasunetik eraiki behar dela, hau gizarte plurala delako. Beraz, gure autogobernua hobetzeko ez ezik, ahalik eta partekatuena den esparru juridiko-politikoa eskuratzeko ere akordio zabalak lortu behar ditugu. Zeren, joko arauak errespetatzen badira, edozein proiektu politiko demokratiko defenda daiteke. Apustu hori, noski, guztion arteko akordioaren bidez egin behar da, eta kontuan izanda helbururik funtsezkoena herritarren bizi-baldintzak, garapena eta ongizatea hobetzea dela.

Uste duzu akordio hori lortzen saiatzen ari direla guztiak?

Zoritxarrez, ez dago baldintzarik bertan egotea beharrezkoa den alde batekin -ezker abertzalearekin- hori egiteko. Gu beti izan gara ezker abertzalea arazoaren parte izatetik konponbidearen parte izatera igarotzearen aldekoak. Ezker abertzalea existitzen den herritarren kolektibo bat da, bere aldarrikapen eta planteamentu politikoak dituena. Eta guk nahiko genuke kolektibo horrek, ezker abertzaleko mundu oso horrek bere jarrerak politikatik defendatzeko apustua egitea, demokraziaren bidez, indarkeriatik aldenduta, zeren badu hori egiteko aukera. Beraz, nahiko nuke hau behingoz amaitzeko gai izango bagina eta bakoitzak bere jarrera eta aldarriak joko arau demokratikoetatik eta hitzetatik defendatzea lortuko bagenu.

Zer iruditzen zaizu Nafarroako Gobernuak «Nafarroaren identitatea indartzeko» egin duen deialdia?

Uste dut, beste behin ere, gobernu sozialista eta alderdi sozialistaren aurka egiteko manifestazioa dela, zeren Nafarroa bertako instituzioek eta herritarrek nahi dutena izango da.

Hiru hilabete falta dira udal eta foru hauteskundeetarako. Zeren arabera parte hartu ahal izango dute sentsibilitate politiko guztiek?

Ezker abertzalea hauteskundeetan ordezkatuta egotea ezker abertzaleak berak hartzen dituen erabakien baitan soilik dago. Beraiek ederki dakite zer egin behar duten hauteskundeetan egoteko, eta guk nahi duguna da hauteskunde horietan egon ahal izateko behar diren neurriak hartzea. Badakite aurkeztu ahal izateko joko arau demokratikoak errespetatu behar dituztela eta indarkeriatik aldentzeko adierazpen argia egin behar dutela.

Patxi Lopezek behin baino gehiagotan esan du Alderdien Legeak ez duela behartzen indarkeria gaitzestera.

Politika egin nahi duenak indarkeria helburu politikoak lortzeko erabiltzeari uko egin behar diola exijitzen du Alderdien Legeak argi eta garbi. Alderdi politiko berri bat sortzeko edo hauteskundeetara aurkezteko, oso argi utzi behar da bide politiko eta demokratiko soilen alde egiten dela eta, beraz, joko arauak eta giza eskubideak zorrotz errespetatzen dituen erakunde politikoa bihurtzen dela.

Espero duzu aldaketa esanguratsurik mapa politikoan eta euskal instituzioetako gobernuetan?

Lehenik eta behin, ikusi beharko da zer gertatzen den ezker abertzaleko herritarren kolektibo horrekin; azkenean hauteskundeetara aurkezten den edo ez. Edozein modutan, alderdi sozialista ahalik eta udal gehienetan eta aldundietan gobernatzen saiatzeko aurkeztuko da. Ziur naiz Euskadin etapa berri bat zabaltzen ari dela eta etapa horretan EAJk ez duela ia instituzio guztietan gobernatzeko babesik izango. Beraz, panorama askoz zabalagoa izango dela uste dut, alderdi sozialista askoz sendoago egongo delako eta hauteskundeen ondorengo gobernuak osatzeko zentralitatea izango duelako.

Uste duzu ezker abertzalea egongo dela hauteskundeetan?

Hala izatea nahi dugu, mundu horretan eta euskal gizartean gauza asko aldatu direla erakutsiko lukeelako. Haren esku dago.

Zer esan nahiko luke egoteak, eta zer ez egoteak?

Ezker abertzalea hauteskundeetan badago, esan nahiko du politikan jokatuko duela eta, beraz, bere aldarriak gainontzekook bezala defendatzeko aukera izango duela. ETAk desagertu egin behar du eta euskal gizarteari utzi behar dio bere ordezkarien bidez akordioak lortzea, behin betiko elkarbizitza ahalbidetzeko aniztasuna muturreraino errespetatuz. Guztien artean akordioak lortu ahal izatea elkar errespetatuko dugun elkarbizitza lortzeko, bakoitzak egoki deritzon ideiak defendatuz, baina demokraziatik bideratuta; geure buruari eman dizkiogun instituzioetatik edo etorkizunean izan ditzakegunetatik nork bere ideiak defendatzea lortu behar dugu.

Lortuko dela uste duzu?

Konbentzituta nago lortuko dugula bakea behin betiko gure bizitzetan izatea eta gure elkarbizitza joko arau demokratikoen bidez arautzea, hori delako gizarte normalizatua lortzeko biderik onena. 

"Hau politikoki konpondu behar zen hasieratik, ez auzitegietan"

Batasuneko ordezkariekin biltzeagatik EAEko Auzitegi Nagusian abiatutako auziek sekula hasi behar ez zutela uste duen arren eta deklaratu beharra desatsegina dela onartu arren, epailearen aurrera «normaltasun demokratikoz» joango dela dio Aresek.

Gutxi barru zuk zeuk Patxi Lopezekin batera inputatu gisa deklaratu beharko duzu, uztailean Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitiarekin biltzeagatik. Halako ekinbideak oztopoa dira elkarrizketa politikorako?

Ez, ez dagoelako elkarrizketa politikoetan aurrera egiteko aukerarik ezker abertzaleak beharrezko aldaketak egiten ez dituen bitartean. EAEko Auzitegi Nagusira deklaratzera joan behar izatea ez da atsegina, baina guk erabateko normaltasun demokratikoz egingo dugu. Gure ekinbide politikoa ikuspuntu politiko eta juridikotik defendatzera joango gara, eta baliabide juridiko guztiak erabiliko ditugu, argi uzteko gure ikuspuntutik ez genuela legez kanpoko ezer egin bilera eginda. Beren eskubide zibil eta politiko guztiak indarrean dituzten pertsonekin bildu ginen; ezker abertzalea deitzen den herritarren kolektibo horren ordezkaritzarekin. Euskal Herrian existitzen den kolektibo bat da eta, orain arte ere argi utzi dugun bezala, arazoaren parte izateari utzi eta konponbidearen parte izatera igaro nahi bazuten indarkeriatik aldendu behar zutela esatera joan ginen. Beraz, ziur geunden ekimen noblea zela, indarkeriaren amaierarako bidean pausoak ematea baitzen hel-burua; bakea lortzeko lan egitea. Horixe da sozialistak bilera ho- ri egitera eraman gintuen arrazoia.

Zer iruditzen zaizu lehendakaria bigarrenez deklaratzera deitu izana eta Guardia Zibilari ezker abertzalearen izaera juridikoari buruzko txostena egiteko agindu izana?

Lehenik eta behin, argi utzi behar da Justiziaren aurrera joan behar izate hau PPk bultzatutako ekinbide eskuindarretik datorrela. Salaketa aurkeztu zuten lehendakariaren, Patxi Lopezen eta nire aurka eta horrek erakusten du PPk politika judizializatu nahi duela. Hau politikoki konpondu behar zen hasieratik, ez auzitegietan. Eta horrek agerian uzten du PPk eta haren inguruak Justizia ere erabili nahi dutela eztabaida politikorako. Guk beti esan dugu auzitegien ekinbideak errespetatzen ditugula. Gu erabat konbentzituta gaude ez dugula legez kanpoko ezer egin eta, beraz, gure jarrera defendatuko dugu.

Eta Auzitegi Nagusiak lehendakaria berriz deklaratzera deitu izana Ermuko Foroak aurkeztutako kereila zabaltzeko eskaera onartzetik dator. Ondorioz, guk egin beharko dugun bezala deklaratu beharko du Ibarretxek. Ez dut uste soinekoak urratu behar direnik eta lehendakariak ekidin egin beharko lituzke horren gustuko dituen biktimismo irudiak. Ulertu behar du politikariak ere Justiziaren menpe daudela, lehendakaria barne. Beraz, Justiziaren aurrera joateko beharra dugu gure jarrerak defendatzera eta salaketak jasotzen ditugunean gure ekimenak azaltzera. Ekinbide hauek ez lukete inoiz hasi behar, baina, edozein modutan, normaltasun demokratiko osoz joan behar dugu. 

Otras noticias...

Comentarios