Patxi López: “Euskal Sozialistek eskuinaren aurrean Ongizateko Estatuaren alde egin behar dugu, bai Euskadin, bai Espainian"
Euskal Sozialisten idazkari nagusiak dio fiskalitatearen arloan akordio bat lortzeko “laguntza eskainiko duela", baina EAJk jarraitzen badio PPk aldeztutako murrizketen bideari "ez dela erraza izango"
“Alderdi Sozialista indartsuena behar dugu eskuin indartsuenaren ofentsibari aurre egiteko”. Patxi Lopezek Euskal Sozialistei eskatu die, une zailak badira ere, berdintasunaren alde egiteko joerarekin jarrai dezatela, horrek markatu baitu alderdiaren zeregina historian zehar; helburua “eskuina inposatzen dituen gehiegikeriak geldiaraztea eta horiei aurre egitea" da. Euskal Sozialisten idazkari nagusiak ohartarazi du ez gaudela eztabaida ekonomiko baten aurrean, “ideologia-bataila” batean baizik; bataila horretan “ideologia neoliberala bere fedezko dogma guztiak inposatzen ari da”. “Eta horretan egin behar dugu lan. Ez arreta desbideratzeko moduko beste gauza batzuetan" esan du jendez gainezka dagoen auditorioan.
Ia 3.000 militante bildu dira Durangoko Landako Gunean Arrosaren Festa ospatzeko. Ekitaldi honetan, PSOEko idazkari nagusi Alfredo Pérez-Rubalcaba, PSE-EEko idazkari nagusi Patxi López, Bizkaiko Sozialisten idazkari nagusi José Antonio Pastor eta Gazte Sozialisten idazkari nagusi Alain Coloma izan dira. Gainera, zinegotzi, alkate, diputatu, parlamentari, senatari eta Euskadiko Batzorde Exekutiboko kide batzuek ere parte hartu dute.
Lopezek salatu egin du PPren gobernua “azken 50 urte hauetan arrakastarekin eraiki dugun gizarte-eredua suntsitzen ari dela” ekonomia krisiaren “aitzakia ezin hobearekin”. Hori dela-eta, Euskal Sozialistek, munduko ezkerreko guztiek bezala, “berdintasunaren aldeko borrokarekin jarraitu behar dute". “Eta guri axola zaigu krisitik noiz aterako garen, baina nola aterako garen ere axola zaigu, eta asko gainera" esan du, eta ondoren ondokoa ere aipatu du: “orain Ongizateko Estatua aldeztu behar dugu Euskadin eta Espainian".
Oso kritikoa izan da Gallardón eta Wert ministroekin, emakume eta gazteei haien ideologia-irizpideak ezartzeagatik "berdintasun eremuak” gutxituz. Lopezek ohartarazi du Mariano Rajoyk pentsioak murrizteko asmoa duela; "berdintasun eremuak” murriztea litzateke, eta milioika erretiratuk miseria gorrira kondenatuko ditu.
PSE-EAJ arteko negoziazioa
Murrizketa horiek Euskadin ere badira, Urkullu Lehendakariren Gobernu nazionalistaren bidez, eta Patxi Lopezek Lehendakariari ekonomia krisiari aurre egiteko zerbait egin dezala eta “ikusle hutsa izateari utz diezaion” eskatu dio. Lopezek bere buruari galdetu egin dio zer egin duen EAJk krisiarekin amaitzeko boterea eskuratu zuenetik, eta bere legegintza-proiektu bakarra Euskadiren Eguna kentzekoa izan dela aipatu du. “Eta, gainera, hori ere aukerarik proposatu gabe. horretaz ere ez dute iritzirik!”, esan du.
Baina Lopezek aipatu du Euskal Sozialistak “laguntzeko” prest daudela euskal gizartearen aldeko akordioak lortzeko, horixe baita EAJren eta PSEren arteko alderik nagusiena. “EAJri ez zaio Euskadi axola gobernuan bada. Sozialistek printzipio, kezka eta nahi berberak ditugu bai Gobernuan, bai oposizioan”, azaldu du. Lopezek azpimarratu egin du hori dela PSEren nahia "eta ez legegintza-akordioak edo Gobernu itunak lortzea”.
Bihar alderdi bi horien ordezkariak bilduko dira fiskalitatearen inguruan akordioak lortzen saiatzeko “baina hori ez da erraza izango”, ohartarazi du Lopezek, eta Urkulluri esan dio aukeratu egin beharko duela “batzuek aldezten dituzten murrizketen eta beste batzuek defendatzen ditugun Zerbitzu Publikoen iraunkortasunaren artean”.