Patxi López: “Orain hasiko da hamargarren legegintzaldia”
Euskal Sozialisten idazkari nagusiak gaur Urkullu Lehendakariari “adiskidetasunaren eta batasunaren aldeko herritarren beste itun bat" eskaini dio, Lizarrako Itunaren garaira berriz joan ez gaitezen; gainera, “ziklo terrorista ixteko zer bizikidetza eredu aldezten duen” azaltzeko eskatu dio.
“Egoera ez da bera Euskadiko Alderdi Sozialistaren eta Euskal Alderdi Jeltzalearen arteko akordioa sinatu aurretik eta sinatu ostean”. Esaldi horren bidez Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran Euskal Sozialisten idazkari nagusiak esandako guztia labur daiteke; gainera, Lehendakariari leporatu dio 9 hilabete behar izan dituela konturatzeko "EAJ Eusko Jaurlaritzan egotearekin soilik ez direla herriaren arazoak konponduko". “Ezta Lege bakar bat ere; ezta neurri garrantzitsu bat ere bizi dugun egora zailari aurre egiteko; ezta Plan bakar bat ere, beste aurreko proposamen eta plan batzuetatik moztu eta kopiatuta ez bada (batez ere moztuta)..., urte osoa galdu dugu krisiari aurre egiteko jardueran”, azaldu du.
Lopezek azpimarratu du EAJk Euskadin Eusko Jaurlaritza zuzentzen duenetik 22.000 enplegu galdu direla eta ekonomiaren inguruko datuak okerrago direla, hala nola, Enplegua Erregulatzeko Espedienteen kopurua, txikizkarien merkataritza (% -90), industria ekoizpenaren indizea (% -2,9) edo turismoa, nahiz eta aurreko legegintzaldian zifra historikoak lortu. Hori dela-eta, PSE-EE eta EAJ alderdien artean sinatutako akordioa oso garrantzitsua da, ezen gazteen, langabetuen, ekintzaileen, merkatarien eta enpresaburuen aukerak hobetuko baitira eta krisi orokorreko une honetan prestatzeko edo enplegurako edo negoziorako aukerak topatu ahal izango dituzte. Gaineratu duenez, “akordio hau oso garrantzitsua da euskal herritarrentzat eta gure herrian zenbait gauza erabat aldatzeko oinarriak ere finkatuko ditu”.
Lopez pozik dago Euskal Sozialisten ekintzaren bidez Eusko Jaurlaritza orain dela 9 hilabetez bizi duen ekintza-ezik aterako baita, eta ondokoaz hitz egin du ironiaz: “ez gara hain harro esateko oposiziotik gobernatzen dugula edo zuk Sozialisten Programarekin gobernatuko duzula adierazteko”. Tonu serioagoarekin aipatu du “ezinbesteko alderdia garela, euskal politikarako oinarrizko bidea garela, alderdi-proposamenak egin beharrean herri-proposamenak egiten ditugulako”.
Gainera akordioak zerga iruzurrari eta ihesari aurre egiteko jarduera hobetzeko aukera emango du, Legebiltzarrari Euskadi osorako oinarrizko fiskalitatea definitzeko aukera emango dio eta hiru Foru Ogasunen datu-baseen arteko zerga-lotura lortu ahal izango da iruzurgileari hobeto jazartzearren. Amaitzeko, akordioak zerga-erreforma zentzuzko eta bidezkoa burutzearen aldeko apustua egin du; helburua, gure ekonomia eta gizarte ereduarekin jarraitzea eta bakoitzak dagokiona ordain dezala lortzea litzateke, ezingo da inor zerga-ingeniaritzaren zuloetatik ihes egin; gehiago duenak, gehiago ordaindu beharko du.
Hori dela-eta, Lopezek kritikatu egin ditu zergak orokorrean igoko dituztela esaten duten horiek. Esan du “hori ez dela egia, batzuek hori sinestarazi nahi badigute ere”. Azaldu duenaren arabera, zerga-erreformak 91.000 euro baino gehiago irabazten dutenengan; 400.000 euro baino gehiago oinordetzan har ditzaketen horiengan; Pentsio Planetara 5.000 euro baino gehiago bideratzen dituztenengan; aurrezki-errentengatik langileen soldatengatik baino gutxiago ordaintzen dituztenengan soilik izango du eragina. Nori buruz ari gara beraz? galdetu dio bere buruari.
Jarraian esan du “baterako ordainketa, beken murrizketa, osasunaren pribatizazioa eta BEZaren igoera langileen eta klase ertainen patriken aurkako atentatua dela”. “Murrizketen politikak krisiaren eragin guztiak horiengan jarri ditu. Zerga-erreforma aurkakoa egiteko da eta horren alde egingo dut ezkerraldetik eta harro”, esan du euskal PP alderdiko legebiltzarkideek zenbait kexa adierazi dituztenean.
PSE-EEko idazkari nagusiak esan du akordio hau “ez dela Jaurlaritzarentzako txeke zuri bat” eta oposizio arduratsua egingo dutela “alderdi guztiak eta eremu guztietan akordio hori puntuz puntu betetzen dela zainduko dutela" azaldu du.
Beste estatus bat
Alderdi ekonomikoak alde batera utzita, terrorismoaren osteko egoera politikoari buruz ere luze aritu dira Politika Orokorreko Osoko Bilkuraren eztabaidan. Patxi Lopezek Urkullu Lehendakariari Lizarrako Itunak sortutako adostasunik gabeko 15 urteko epearekin amaitzeko aukera eskaini dio eta “adiskidetasunerako eta batasunerako herritarren beste itun bat” susta dezaketela dio. “Lehendakari jauna, Espainia ez da Euskadiren etsaia eta euskal nazionalistak ez dire nire etsaiak, alderantziz, nik zuekin herria egin nahi dut. Elkarrekin bizitzen jarrai dezagun nahi dut”, esan dio Lehendakariari. Gainera, Lopezek ondokoa ohartarazi dio: "zu edo zure gobernua alde bakarreko plan soberanistarik kutxatik ateratzen saiatzen bazarete, aurrean izango gaituzue, euskal herritarren arteko adiskidetasuna eta batasuna gaur aldezteko erabili dudan uste sendo eta irmotasunarekin".
Beraz, Lopezek Lehendakari "terrorismoaren zikloa ixteko zer bizikidetza eredu aldezten duen argitzeko” eskatu dio, “legegintzaldi honetan gure indarkeriako eta terrorismoko iragana behin betiko itxi behar baitugu".
PSE-EEko buruak ezker abertzaleari “gauza bakar eta erraza eskatu dio: iraganeko ardurak gain har ditzaten; Euskadin indarkeriari emandako laguntzekin amai dezaten, eta gainontzekoekin batera gizarte demokratiko eta librean lan egiteko konpromisoa gain har dezaten”, hau da, zoru etikoaren konpromisoa eskatu die. Lopezek esan du Euskal Sozialistak “lagunduko dietela” demokrazian sartu nahi dituztenei baina "ez ditugula gure printzipioak eta baloreak alde batera utziko iraganean indarkeriaren mundukoak izan direnak ondo egon daitezen; gainera, ez digute gauza sinesgaitzak sinestaraziko”.
Amaitzeko, Patxi Lopezek dio “herri txiki eta handi hau aurrera aterako dela” eta egingo duela “guztiontzat askatasun handiagoa eskatzen duen Euskadiren alde batera egiten badugu eta onartzen baldin badugu Euskadi Politikoaren beraren balore positiboa dela nortasun aniztasuna eta dibertsitatea”.






