Prentsa-aretoa

Dokumentuak

Manifiesto "Ahora + que nunca sanidad"

Hau da Osakidetza martxan jarri genuenetik Euskal Osasun sistemak bizi izan duen garairik latzena. Osasun sistema on bat dugun arren, argi dago Ibarretxeren Gobernuen kudeaketa txarraren ondorioz indarra galdu duela.

Geure Osasun Sistema Publikoa, garai batean Espainian puntakoa zena, orain gero eta beherago dago sailkapenean. Osasun sisteman egiten dugun gastua, BPGari dagokionez, Espainiako batez bestekoa baino txikiagoa delako gertatu da hori, eta are gehiago, Europako batez bestekotik oso urrun dago.

Profesional bikainak dauzkagu, baina zoritxarrez, gero eta motibazio gutxiago daukate zerbitzuen gero eta masifikazio handiagoagatik, behar berriei erantzuteko baliabide materialak, teknologikoak eta giza baliabideak falta direlako, eta horrez gain, osasun sistemako azpiegitura zabalak falta direlako geure lurraldeko eremu zabaletan.

Bestalde, aipatzekoa da ere, Osasun Zerbitzu Publikoa gero eta gehiago ari dela pribatizatzen hainbat faktoreren ondorioz, besteak beste, osasun zentro, langileria, osasunaren alorreko teknologia eta ekipamendu berrietarako inbertsioak egiteko emandako baliabideak oso urriak direlako; gero eta zailtasun gehiago daudelako familiako medikuarengana jotzeko; larrialdien atala lanez gainezka dagoelako; eta osasunaren erabiltzaileentzako itxaronaldiak luzatu egin direlako.

Euskal Sozialiston ustez, bada garaia geure osasun sistemak etengabe okerrera egiteko daukan joera hori geldiarazteko. Eta bereziki, bada garaia osasun sistema publikoa berriz aktibatzeaz gain, aurrera egitea eta zeukan izen ona berreskuratzea ahalbidetzen duten helburu berriak zehazteko.

Osasun Sistema Publikoak bizi duen aldi hau gainditzeko ideiak, gogoa eta alternatibak dauzkagu. Eta hitzez gain, ekintzez hobetzeko anbizioa dugu. Errealistak gara, baina anbizioa dugu.

Errealistak gara, hasteko, ekonomiari dagokionez, baliabide publikoekin zorrotzak izatera behartzen gaituzten garai gogorrak bizitzen ari garelako, eta hori dela eta, ezinbestekoa da kudeaketan hobekuntzak sartzea, hau da, aurreztu daitekeen esparruan aurreztea, esaterako, gastu farmazeutikoan; erakunde pribatuekin kontzertuak arrazionalizatzea; eta lehen mailako asistentzia eta ospitaleko asistentziaren arteko koordinazio egokiaren bitartez, osasun baliabide propioak optimizatzea.

Baina errealistak izateaz gain, beharrezkoa da anbizioa izatea, askoz gehiago egin daiteke eta. Hortik dator, hain zuzen, osasun sistema publikoaren esparruan hartu nahi dugun lehenengo konpromisoa: hau da, baliabide ekonomiko nahikoa izatea bermatzea, eta horretarako, aurrekontuan zenbateko egonkor bat, pixkanaka hazten doana esleitu behar zaio, horrela, hurrengo legealdiaren bukaeran, geure BPGari dagokionez, osasunaren alorreko gastuak puntu bateko igoera izatea lortzeko.

Hori lortzeko gai gara, horretarako beharrezkoak diren baliabideak dauzkagulako. Izan ere, euskal herritarren osasuna hobetzera bideratzea da baliabide horiek erabiltzeko modurik onena.

1. Lehen mailako asistentzia mailak nabarmen hobetzea ahalbidetzen diguten baliabideak dauzkagu. Eta Osakidetzako mediku batek ere bere ardurapean 1.500 pertsona baino gehiago ez izateko konpromisoa hartzen dugu, eta horrez gain, gaixo kroniko kopuru handia daukaten zentroetan zifra hori are murritzagoa izango da.

2. Behar berriak ikusita beharrezkoak diren osasun zentroak eraikitzeko baliabideak dauzkagu. Eta gure asmoa, Udalekin elkarlanean, eremu guztiek gutxienez osasun zentro homologatu bat izatea bermatzea da bertan, erkidegoko osasun jarduerak gauzatu ahal izan ditzaten, eta zentro horietan zeregin berri horietarako erizaintzako langileriak indartzea.

3. Ospitaleko arreta eskaintza hobetzeko beharrezkoak diren baliabideak dauzkagu. Eta gure asmoa Eskuinaldean, Getxon (Bizkaia), hain zuzen, gutxienez 300 ohe izango dituen Gaixotasun Akutuentzako Ospitale bat martxan jartzea da.

4. Gure asmoa, alor soziosanitarioan eta Foru Aldundiekin elkarlanean, egonaldi ertain eta luzeko ospitaleak ez dauzkaten eskualdeetan pixkanaka horrelako ospitaleak eraikitzen joatea da, adibidez, Debabarrena (Eibar), Bizkaiko Barnealdeko eskualdea (Amorebieta-Etxano) eta Ezkerraldean (Barakaldo).

5. Erizaintzako langileriaren lana sustatzeko beharrezkoak diren baliabideak dauzkagu, Eta gure asmoa Familiako eta Erkidegoko Erizaintza lehen mailako arretaren funtsezko osagarri izatea bermatzea da; hortaz, herritarrek profesional horiengandik espero ditzaketen zerbitzuak eta prestazioak zein diren jakiteko eta etorkizunean euskal herritarren etxeetan beren familiako erizainak izan ditzaten.

6. Sistemara osasunaren alorreko profesional gehiago sartzeko beharrezkoak diren baliabideak dauzkagu, izan ere, behar berriak eta Europako estandarrak ikusita, haiek gabe osasun sistemak ezin du exijitzen diren kalitate mailekin funtzionatu. Hori dela eta, 2009a eta 2013a bitartean langileria areagotuko dugu, zehazki, 1.800 mediku espezialista eta 2.000 langile gehiago egongo dira gutxienez.

7. Bestalde, Osasun Agentzia Publiko bat sortzeko konpromisoa hartzen dugu. Agentzia horrek osasunaren alorreko lehentasunak zehaztuko ditu, elkarrizketa soziala sustatuko du eta bizitzako garai guztietarako ohitura osasuntsuak bultzatuko ditu.

8. Prebentzio medikuntza sustatu eta garatzeko baliabideak dauzkagu. Hori dela eta, honakoa proposatzen dugu: familia plangintza lehen mailako arretan sartzea, prebentzio eta errehabilitazio programak garatzea (nagusiki behar gehien duten herritar taldeei zuzendutakoak, adibidez, gaixo kronikoei edo menpekotasuna daukaten adineko pertsonei zuzendutakoak) eta langileriaren etengabeko prestakuntzaren alde egitea, baita ikerketa aplikatu eta klinikoko programetan parte hartzen laguntzea ere.

9. Osasunaren alorrean ikerketa biomedikoa Garatzeko Plan Estrategiko bat sustatzeko beharrezkoak diren baliabideak dauzkagu. Eta horregatik sustatuko dugu ikerketa estrategikoko ekintzak martxan jartzeko Plan bat hainbat esparrutan, esaterako, birsorkuntza-medikuntzako terapia aurreratuen esparruan, haur eta gazteen psikiatriaren alorreko ikerketa, giza genetika, eta gaixotasun bitxiak eta botika umezurtzak.

Azken finean, Euskadik osasunaren alorreko laguntza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoaren alorrean sakontzeko adina baliabide dauzka, bertan, profesionalak izango dira aktibo nagusia, eta ondorioz, geure arretaren gunea. Euskal Sozialistok eredu horrekiko konpromisoa hartzen dugu, euskal herritarrekin hartutako konpromiso esparru orokor batean.

Hiru ardatzeko konpromisoa da:

- Alde batetik, osasunaren alorreko prestazioak mantendu eta hobetzeko, eta Osasun Sistemaren finantzaketa bermatzeko moduko aurrekontuko konpromiso bat.

- Osasun sistemako profesionalekin eta gizarteko kolektiboekin hartutako konpromiso bat, hau da, haiekin etengabe komunikatuko gara, beren eskaerei erantzuten saiatzeko.

- Eta azkenik, sistemaren eraginkortasun orokorrarekiko konpromiso bat, hau da, etengabe laguntza sare guztien arteko koordinazioa lortzen saiatzea eta gobernuaren jarduna gardena izatea, eta horrez gain, Ospitale Publikoen kudeaketa demokratikoago bat gauzatzea.

Euskal Sozialistok abangoardiako Osasun Sistema Publikoaren aldeko konpromisoa adierazi nahi dugu, osasun sistema ongizate eta berdintasun sozialerako faktore bat izan dadin. Osasun Sistema publikoa Euskadiko osasun arreta guztiaren (hots, sektore pribatuan garatzen denarena ere) dinamizazio eta trakzio elementua izatea nahi dugu, erreferentzia puntua izatea nahi dugu.

Egiteko jakin batzuk betetzen dituen sektore batek ere, pribatuak, alegia, bere zeregina dauka eta etorkizunean izaten jarraituko du. Eta gainera, etorkizunean osagarritasunerako beharrezkoa den elementu bat izaten jarraitzea nahi dugu eta ondorioz, etorkizunean geure Osasun sistemaren esparru honekin lankidetza egokia eta gardena mantentzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu.

Bere garaian, sozialistok publikotasunaren nagusitasunean oinarritutako osasun zerbitzu bikain bat gauzatu genuen. Orain aldaketa Gobernu batekin indartu nahi dugu, eta geuretzako ezinbestekoak diren oinarrietatik abiatu nahi dugu, hau da, solidaritatea, justizia soziala, berdintasuna, pertsonen autonomia eta askatasuna, eta ekintza politikoaren baloretik.

Euskal Osasun Zerbitzua sozialismo demokratikoaren oinarri horiekin jaio zen eta gaur berreskuratu nahi ditugu Osakidetzak behar duen eta euskal gizarteak aldarrikatzen duen jauzia gauzatzeko.

Manifiesto en .pdf

Beste dokumentu batzuk...