Demokrazia Berreskuratzea
Euskadin demokraziaren berreskuratzeak -Franco 1975eko azaroan hil eta 1977ko ekainean lehenengo hauteskundeak egin ondoren- Espainiako gainerako lekuetako ezaugarri bertsuak izan zituen, oro har. Hala eta guztiz ere, hemen askoz prozesu konplexuagoa izan zen, ETAren terrorismoak bere horretantxe segitu eta are gehiago ere gogortu zelako.
Euskal sozialismoa (PSE-PSOE zuen izena orduan) nabarmen indartuta atera zen 1977ko ekaineko bozetatik. Hortaz, bere pisu politiko guztia demokrazia eta autonomia berreskuratzeko baliatu zuen, Herri-ikusmoldea eta Estatu-sena garatuz. Harrotasunez esan dezakegu euskal alderdi bakarra izan ginela kartsutasun berarekin defendatu zuena, lehenik, Espainiako Konstituzioa eta, gero, Autonomia Estatutua.
Eta, zer esanik ez, bete-betean hartu genuen parte autogobernua berreskuratzeko lanetan. Erreforma Politikorako Legearen ostean, eta 1977ko ekaineko hauteskundeen aurretik, Alderdi Sozialistak “konpromiso autonomiko” delakoaren sinaketan hartu zuen parte, urte hartako bertako maiatzean. Beraz, eta Errepublika garaian bezala, berriz ere Konstituzioaren bidearen hautua egin zen autonomia lortzeko.
1978ko urtarrilaren 4an argitara eman zen aurreautonomiaren erregimena eta Eusko Kontseilu Nagusiaren eratzea onesten zuen dekretua. Hainbat negoziazioren ondoren, Kontseilu hori Gasteizen eratu zen, 1978ko otsailean, Ramón Rubial lehendakari zela; botazio batzuen ostean, Ramón Rubial nagusitu baitzitzaion Juan de Ajuriaguerra hautagai nazionalistari. Handik aurrera, Demokrazia-aldi honetako Euskadiko lehen Lehendakaria buru-belarri lotu zen lanari, euskaldunen autogobernu-nahiak gauzatzeko. Bere fruituak ekarri zituen, azkenean, sozialisten eta nazionalisten arteko akordioak, UCD zenduak hasieran bere errezeloak erakutsi arren.Prozesu konstituzionalaren eta Estatutua idazteko negoziazioen ostean, Estatutua azkenean onetsi egin zen erreferendumez 1979ko urriaren 25ean.