Lehenengo Pausoak
Euskal sozialismoa XIX. mendeko azken hamarkadetan sortu zen, Monarkiaren Berrezarkuntzaren garaian, eta, bere hasieran, bi etapa argi izan zituen, bere buruzagi inportanteenek, Facundo Perezaguak eta Indalecio Prietok, mamituak.
Facundo Perezagua, Toledoko seme, 1860an jaio zen langile-familia batean. Metalurgia zuen lanbide eta Pablo Iglesiasen laguna zen. Berak eman zion hasiera lehenengo erakunde sozialista abian jartzeko lanari: Bilboko 'Agrupación Socialista' delakoa, 1886ko uztailaren 11an hogei pertsona inguruk egindako bileran eratu zena, hain zuzen.
Elkarte horrekin, eta Enkarterrietako meatze-arroan eta Ibaizabal ibaiaren ezkerraldeko industria-gunean sortuz joan ziren beste batzuekin, Perezaguak PSOE fundatu zuen Euskadin. 1900. urtean, Bizkaiko Federazio Sozialistak hamar toki-elkartek osatzen zuten. Hala, Madril eta Asturiasekin batera, Bizkaia genuen Espainiako sozialismoak indarrik handiena biltzen zuen triangeluaren hirugarren angelua; hainbesteraino non Ramiro de Maeztu idazleak “Sozialismoaren Meka” deitu baitzion Bilbori.