Sozialistak Eta Lehenengo Autonomia Estatutua
1930eko abuztuaren 17an, Indalecio Prieto -bere buruaren izenean baino ez- “Donostiako Itunaren” bilerara joan zen. Errepublikanoen eta zentro-ezkerreko katalanisten aliantza horrek helburu bat bazuen: Errepublika ekartzea Espainiara eta, harekin batera, autonomia Kataluniara. Irtenbide autonomiko hori Euskadira ere zabaltzeko modukoa zen. Hala ere, Ituna osatzen zutenek ez zuten inolako konpromisorik hartu, zeren euskal nazionalismoak ez baitzuen parterik hartu bilera horretan. Urte haren bukaeran, Prietok PSOEko Batzorde Exekutiboaren gehiengoa erakarri ahal izan zuen Donostiako Itunera.
1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeak errepublikanoek irabazi izanak berekin ekarri zuen monarkia erortzea eta Errepublika ezartzea. Eibarko Udala izan zen, gainera, Espainia guztian Errepublika lehenengo aldarrikatu zuena, Bartzelonan edo Madrilen ofizial egin baino lehen. Hiri Armagina etsenplu on bat izan zen Monarkiaren Kontrako Blokeak (errepublikanoek, PSOEk eta ANVk osatua) Gipuzkoako eta Bizkaiko hiri- eta industria-gune nagusietan lortutako garaipenarena; Donostia eta, batik bat, Bilbo buru zirela.
Errepublikarekin, euskal arazoa planteatu zen. Kale egindako saiakeraren bat izan ostean (EAJ-PNVk, karlistekin aliatu zen garaian, erakutsi zuen sektarismoagatik), bigarren fase batean akordio batera heldu zen Estatutua onesteko bide bat finkatze aldera, lau urrats nagusitan: proiektua Probintzietako Diputazioek onestea (une hartan ezkerreko indarren eskuetan) eta ondoren, bata bestearen segidan, Euskal-Nafar Udalen Batzarrak, herritarrek erreferendumez, eta, azkenean, Gorteek. Gorteek, dena den, beren subiranotasuna baliatuz Estatutua aldatu ahal izango zuketen. EAJ-PNVk bide hori onartu zuen.
Ezkerreko indarrek hauteskundeak irabazitakoan, 1936ko udaberrian, EAJ-PNV eta Frente Popularra elkar-aditze adiskidetsu batera heldu ziren, José Antonio Aguirre eta Indalecio Prieto beren buruzagiek pertsonifikaturik eta Estatutua oinarrizko gutxienezko lokarri zutela; horrek eztabaida parlamentarioa bizkor egitea erraztu zuen. 1936ko uztailean, testua adostuta eta Gorteek berresteko prest zegoen, han Frente Popularrak baitzeukan gehiengoa. Estatutu horren fruitu (gerra zibilaren erdi-erdian onetsitakoa), lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zen. Gobernu hori José Antonio Aguirre nazionalistak gidatzen zuen eta puntako sozialista batzuk ere izan zituen kide, hala nola Aznar, De los Toyos eta Gracia. Gobernu horrek exilioan eutsi zion gerra zibilaren ostean eta Espainian, Francoren altxamenduaren garaipenarekin, ezarri zen diktadurako urteetan.