Euskal Sozialist@k

Historia

Sozialismoa Gipuzkoa eta Araban

Toribio Etxebarria

Gipuzkoako sozialismoa 1897an egin zituen bere lehenengo urratsak, urte hartan sortu baitzen Eibarko Elkartea. 1901ean Irun eta Soraluzeko Elkarteak sortu ziren eta, gero, Pasaia, Errenteria, Bergara eta beste herri batzuetakoak.

Fundatu bezain laster, Eibarko Elkarte Sozialistak kide kopuru handia bildu zuen eta indar horrekin herriko langile mugimenduaren zuzendaritza bereganatu zuen. Horren froga garbi-garbi gisa, sortu eta lau urtera baino ez, 1901an, Eibarko sozialistek bazuten, jada, beren prentsa-organo propioa, “¡Adelante!”, eta 1903an udal ordezkaritza ere atera zuten.

Euskal sozialismoa bere osoan hartuta, Eibarko sozialismoak halako ezaugarri berezi batzuk garatu zituen, gerora Gipuzkoa guztiko sozialismoaren nortasuna markatuko zutenak. Hasi borroka sozialei itsatsi zien moderaziotik, hiribilduaren industriaren interesak bere osoan zainduz beti. Jokabide horri esker, langileek negoziatzeko ahalmen handia zeukaten, Bizkaian ez bezala.

Gainera, nazionalismoak probintzian antolamendu sendorik 1910era arte izan ez zuenez, Eibarko sozialistek eta, hedaduraz, Gipuzkoakoek, ez zuten bat egin Bizkaiko PSOEren antinazionalismo gogorrarekin. Horregatik, euskalzaletasuna nabarmena izango da sozialismo horren adierazpen askotan: euskara erruz erabiltzea, ekintza politikoa baserrialdera ere eramaten saiatzea, Udaletik foruen berrezartzea defendatzea 1906an... Toribio Echevarría eta beste pertsona ospetsu batzuen eraginak asko lagundu zuen Eibarko sozialismoak euskal arazoaren mamian sakondu zezan.

Toribio Echevarríaren jarrera autonomiazalea Gorteek Kataluniarentzako Autonomia Estatutu bat eztabaidagai zerabiltenean plazaratu zen; hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat udalerritan Udal Bilerak egiten hasiak zirenean autogobernu-prozesu batean aurrera joateko helburuz. Gainerakoan, II. Errepublikara arte itxaron beharko da Gipuzkoan -Bizkaian bezala aurreko urteetan- euskal politikaren hiru bloke nagusiak eratuz joan daitezen: eskuin ez-nazionalista, euskal nazionalismoa eta ezker sozialista eta errepublikazalea.
Araban, berriz, sozialismoak askoz zabaltze gorabeheratsu eta zailagoa izan zuen. Nola Araba hala Nafarroa PSOEren garai hartako hedapenik txikieneko probintziak izan ziren, beren kontserbadurismoagatik, beren industrializazio urri eta berankorragatik eta langile-tradizio garrantzizkorik ezagatik. Azken bi probintzia horietako egoera ere aldatuko zen II. Errepublika heldu zenean, eta orduan sozialismoak zabalkuntza handia izan zuen.

Historiaren indizera itzuli