Euskal Sozialist@k

Historia

Perezaguaren Urteak

Facundo Perezagua

Perezaguaren buruzagitzaren ezaugarriak erradikalismoa eta mobilizazio soziala izan ziren; batik bat meategietan, lehenengo greba orokorraren arrakastarekin. Lehenengo greba orokor hori 1890eko maiatzean izan zen eta 30.000 langile baino gehiagok astebeteko lanuztea egin zuten. Horrek hasiera eman zion sozialismoaren nagusitasunari euskal langile mugimenduaren barruan Monarkiaren Berrezarkuntza garaian, eta inork ere ezin zuen berarekin lehiatu. Sozialismoa bihurtu zen, hala, Bizkaiko industri langileen antolamendu politiko eta sindikalaren adierazpen, haien kontzientziaren katalizagailu, eta herriko beste eskualde batzuetarantz (Eibar, Donostia, Tolosa, Irun, etab.) zabaldu eta hedatzeko gune.

Ondorengo bi hamarkadetan (greba eta gatazka sozial tarteka oso gogorrek astinduak), Facundo Perezaguak gidatutako euskal sozialismoak berezitasun bat izan zuen: langileen borroka sindikala borroka politiko eta elektoralen gainetik jartzea. Fronte horretan, batik bat udal hauteskundeek axola zioten Alderdi Sozialistari.

1891an, zenbait meatze-herrik, eta batez ere Bilbok, zinegotzi sozialisten sarrera ikusi zuten. Haien artean Perezagua bera sartu zen. Bilboko alkatetza, ordea, 1920ra arte ez zuen lortu PSOEk (Rufino Laisecarekin).

Lehenengo euskal sozialismo honen antiklerikalismoa izan zen Perezaguaren buruzagitzaren beste ezaugarrietako bat: “La Lucha de Clases” Bilboko astekari sozialistak zabaldu zuen antiklerikalismo hori, bereziki Tomás Meabek zuzendu zuen aldian, Bilboko eta Espainiako Gazteria Sozialistak sortu zituenak, hain zuzen. Lehenago, laurogeita hamarreko hamarkadan, Bilboko Elkarte Sozialistak maila handiko intelektual bat izan zuen bere lerroetan: Miguel de Unamuno kide izan baitzuen, Salamankako Unibertsitateko katedraduna bera. Miguel de Unamunok berrehun artikulu inguru argitaratu zituen “La Lucha de Clases”-en eta PSOErekin bat egin zuen bere antimilitarismo eta antinazionalismoan.

Historiaren indizera itzuli