Euskal Sozialist@k

Historia

Francoren Diktaduraren Urte Luzeak (1939–1975)

Sozialismoak aurka egin zion Francoren diktadurari, eta bi fronte nagusitan gauzatu zen oposizio hori diktaduraren urte luzeetan:barruan, alderdia berrantolatzeko estrategia arriskutsu batekin, eta kanpoan, bizirik atxikiz exilioko Eusko Jaurlaritza sostengatu zuen sozialisten eta nazionalisten arteko akordioa. Horrek 1960ra arte iraun zuen, orduan krisialdi larri batek jo baitzuen.
PSOEren berrantolatze horretan zerikusi handia izan zuten euskal sozialismoaren zenbait pertsona ospetsuk. Ramón Rubialek Bizkaitik eta Antonio Amatek, Arabako sozialismoaren barruan, zeregin nabarmena bete zuten alde horretatik. Horregatik, biek ere pairatu zituzten hainbat zigor eta etengabe ibili ziren sartu eta irten erregimen frankistaren aurkariak, Espainiako geografia guztian barreatuak, pilatzen ziren presondegi guztietan.

Ramon Rubial, Espainiako gerra zibilean lerro-lerro hainbat batailoitan parte hartu ondoren, 31 urte zituela sartu zuten kartzelan, 1937an. Kartzelan hogei urtetik gora eman zuen. Denbora horretan guztian helburu bakarra izan zuen: alderdia Espainian berrantolatzea. Hala, Penal de Santa María delakoan preso, Aranjuezko espetxetik zein Babcok Wilcox-eko lan-pelotoitik paseaz (han harremanetan jarri zen Bizkaiko antolamendu sozialistaren kimuarekin), bere indar guztiak bildu zituen zeregin horretara.

Behin askatasuna erdietsita, 1957tik aurrera, Ramón Rubialek herrialde guztia kurritu zuen Alderdia berrantolatuz, eta horrek etengabeko atxiloketak ekarri zizkion. Lan eskerga horren guztiaren emaitza gisa, eta Antonio Amat 1958an atxilotua izan ostean, “Pablo” (Ramon Rubialek klandestinitatean izen hori erabili zuen) barrualdeko erakundearen erreferente funtsezko bihurtu zen, eta klandestinitateko batzorde exekutibo guztietan hartu zuen parte.

Hirurogeiko hamarkadaren azkenekoetan, alderdiaren egitura guztiak joan ziren berrituz; bestalde, exilioko erakundearen pisua barrualdera pasatu zen eta beste buruzagi-belaunaldi bat sartu zen. Euskal sozialismoan ere gertatu zen hori.

Historiaren indizera itzuli