Indalecio Prietoren Buruzagitza
Perezaguaren buruzagitza (1910eko meatzarien greba orokorrera bitarte arrakastatsu izan zena) ahultzen hasi zen handik aurrera, PSOEk bere estrategia politikoa aldatu eta Gorteetako hauteskundeetan errepublikanoekin aliatu zenean. Horri esker, PSOEk Pablo Iglesias Espainiako lehen diputatu sozialista bihurtzea lortu zuen. 1911an beste greba orokor batek egin zuen porrot eta Indalecio Prieto (sektore moderatuaren burua) Bizkaiko probintzi diputatu hautatua izan zen 'Conjunción Republicano-Socialista' delakoarekin. Ondorengo urteetan, halako “gerra zibil” bat piztu zen euskal sozialismoaren baitan, 1914-1915era arte amaituko ez zena; Prietok irabazi zuen eta Perezagua alderditik egotzi egin zuten.
Hartara, etapa berri bat ireki zen euskal langile mugimenduan, eta mugimendu hori Lehen Mundu Gerrak iraun zuen urteetan hazi eta sendotu zen sindikalismoaren arloan, Meatzarien Sindikatua eta, batez ere, Metalurgialarien Sindikatua eratu zirenean; Bizkaiko UGT indartsuaren oinarrizko bi zutabeak, alegia. Euskadiko sozialismoaren garai horretako buruzagi zen aldetik, Indalecio Prieto nazionalismoaren etsairik porrrokatuena bilakatu zen, eta haren prentsa-organoak, “Euzkadi”-k, “el españolismo es Prieto” eta gisakoak botatzera heldu zen.
Prietoren aitzindaritzapean, euskal sozialismoak hainbat ezaugarri izan zituen: liberala (“Soy socialista a fuer de liberal”, definitu zuen bere burua Prietok), errepublikanoa (errepublikanismoaren aliatu etengabea 1936ra arte), erregenerazionista, erreformista eta errotik demokratikoa. Bestalde, 1917ko Errusiar Iraultzak PSOE barruan terceristek - III. Internazionalarekin bat egin zale- eta antiterceristek -beren nortasun-ezaugarri politikoak galdu nahi ez zituztenek- sortutako debatean, Prieto argi eta garbi azkenekoekin jarri zen eta Alderdiaren gehiengoak berari jarraitzea lortu zuen.
Indalecio Prieto izan zen, gainera, formula bila hasi zena euskaldunen autogobernu-nahiei erantzuna emateko: lan horren emaitza, denboraren buruz, Euskadik 1936an erdietsi zuen lehenengo Autonomia Estatutuarekin gauzatuko zen.