Euskal Sozialist@k

Historia

Trantsizioaren Garai Zailak

Azkeneko mende laurdena aldi konplexua izan da, bi berezitasunek markatua: terrorismoak -bereziki zitala demokraziaren hastapenetan- bere horretantxe segitzea eta are larriagotzea, eta nazionalismoaren zalantzak eta balantzak (joera doktrinarioen eta dogmatikoenen eta pragmatikoen eta elkarrizketazaleenen artean alderrai).

Beraz, bi jokamoldeak izan ditugu aldi honetan ere: noiz EAJ-PNVren itxikeria eta indar politikoen arteko komunikaziorik eza, noiz Euskadiko alderdien arteko elkarrizketa eta konpromisoa. Aldi hau, kronologikoki, hiru etapatan labur genezake: EAJ-PNVren Gobernu kolore bakarrena, Carlos Garaikoetxeak gidaturik, 1980 eta 1987 bitartean; Euskadiko sozialistekin osatutako koalizio-Gobernuena, 1987 eta 1998 bitartean, Ardanza Lehendakaria buru; eta indar nazionalisten kontzentrazio-Gobernuena, Ibarretxe Lehendakariarekin, Lizarrako Itunaren eta EAJ-PNVren erradikalizazio soberanistaren ondoren.

Denbora horretan guztian, euskal sozialismoak aldi zailak eta are dramatikoak ere igaro ditu: batzuetan, ETAren terrorismo totalitarioak hertsaturik eta, besteetan, nazionalismo sektario eta erradikalizatzera jo ohi duenaren nagusikeria sufrituz. Guk, ordea, tinko defendatu dugu bai askatasunen sistema, bai gure herri-ikusmoldea: desberdinen artean eraikitako herria, alegia, berdintasun politikoa oinarri. Hori dela kausa, gurea ez da oso modako alderdia izan gure herriaren historiako garai oso gogor batzuetan. Hala ere, gure printzipioei eusten erakutsi izan genuen irmotasunak zernahi oztopo-mota gainditu eta alderdi modura indartzen lagundu gintuen.

Euskal Sozialistak, aldaketarako, aurrera egiteko, egonkortasunerako, politikan elkarri ulertzeko faktore izan gara beti. Halaxe ginen Jaurlaritzako ardurak EAJrekin batera gain hartu genituenean. Garai horretan, alegia, eta gure funtsezko bultzadarekin, herriak eta euskal gizarteak inoiz baino gehiago egin zuen aurrera arlo guztietan. Gainera, garai horretan, garrantzi handiko zenbait oinarrizko erabaki hartu ziren, Ajuria Eneako Akordioa, adibidez.

Eta oposizioan ere halaxe gara, nahiz eta Lizarrako Itunaren ostean gobernatzen zuen nazionalismoaren politika arduragabe handia izan sistemaren aurkako erradikalismoarekin, eta nahiz eta EAJk eta PPk eta euren Gobernuek Aznarren garaian hainbat urtez liskar sistematikoaren dinamika eduki. Gobernu horiek ez ziren ados jartzeko gai izan herritarrentzat oinarrizkoak ziren zenbait gaitan, adibidez, terrorismoaren aurkako borrokan edo askatasunen defentsan, nahiago zutelako gai horiek alderdiaren armatzat erabiltzea hauteskundeetan etekina ateratzeko.

Historiaren indizera itzuli